- egunkaria.info web gunean informazio guztia.
- Ikus bideoa (ETB1-k Berria egunkariari buruz emititu zuen erreportaia, 2003ko uda hasiera, hau da, Berria kalera atera zutenekoa)
- 'Egunkaria libre!' aldarrikatu dute itxieraren 5. urteurrenean, ekitaldi jendetsuan (berria.info)
- Martxelo Otamendi: "Sententzia ikustean konturatzen zara ETAkoa zarela" (argia.com)
- Eusko Jaurlaritzak 'Egunkaria'-ren auzia ixteko eskatu du (berria.info)
- Loramen: 5 urte, Egunkaria gabe (Ainhoa Lendinez)
Montse Arregi, Egunkariako langile ohia
"Egunkari txikia zelakoan geunden, baina badirudi uste genuena baino garrantzitsuagoa zela batzuentzat"
-Nola gogoratzen duzu itxiera eguna? eta ondorengoak?
Goizean goiz irratian entzun nuen berria. Hasieran ezin nuen sinistu ere egin gertatu zena. Bat-bateko zaplaztekoa modukoa izan zen. Amatasun eszedentzian harrapatu ninduen guztiak. Hurrengo egunak gogorrak izan ziren, Martxelok eta gainontzekoek bizitakoa izugarria izan zen. Demaseko ezintasuna sentitu genuen. Zer egin halako bidegabekeria baten aurrean? Lehenengo momentuan jota gelditzen zara.
- Nola erantzun zuen herriak? eta Euskal Herriak, orokorrean?
Elgoibarren eta orokorrean Euskal Herrian jende asko eta askotarikoa atera zen kalera gertatutakoa salatzera. Nik uste dut inork ezin zuela itxiera ulertu. Erreakzio horri esker, nahiz eta lehenengo momentuan jota gelditu, Egunkariko langileak, haren bultzatzaileak eta euskaltzale piloa proiektu berria prestatzen hasi ziren. Elgoibarren ere asko izan ziren ekonomikoki edo euren lanarekin lagundu zutenak.
- Bost urte pasatu dira... balantze txiki bat egingo diguzu?
Egunkaria itxi zuten baina beste bat zabaltzea lortu zen. Ez da marka makala herri txiki batentzat eta euskaraz irakurtzen duen jende kopuruari erreparatzen badiogu. Berria egunkaria hor dago, eta produktu bikaina da gainera. Jende askok egin du bere alde eta hori da bost urteko balantzearen alderdirik onena.
- Oraindik ez dago epaiketaren datarik... nola ikusten duzu egoera?
Ez dakit zer gertatuko den. Ez dira batere garai onak “euskal” etiketa duen guztiarentzat. Egoera politikoak dena baldintzatzen du. Agintean dagoenari une horretan interesatzen zaionaren araberakoa izango da emaitza. Ez dut ezkorra izan nahi, baina...
- Egunkariako langilea izan zinen. Zer sentitzen duzu egoera guzti honen
inguruan?
Itxiera eguneko ezintasun sentimendua berriro. Bidegabekeria galanta izan zen, gezur handien gainean eraiki dute prozesu guztia. Egunkari txikia zelakoan geunden, baina badirudi uste genuena baino garrantzitsuagoa zela batzuentzat.
- Berria sortu zen ondoren... gauza bera gertatuko den kezkarik?
Ez dut uste, baina nork daki. Orduan ere ez genuen espero eta gertatu zen. Dena den, itxiera agindu zutenek ikusi dute egunkari bat itxi arren beste bat zabaltzeko gai garela.
- Euskarazko hedabideen etorkizuna nolakoa dela iruditzen zaizu?
Teorian ona izan beharko litzateke. Euskaldun alfabetatuen kopurua gorantz doa eta eurak dira irakurle eta ikus-entzule potentzialak. Kalitate aldetik ere erdarazkoen pare daudela uste dut. Euskararen erabilerarekin gauza bera gertatzen da, guztiok gehiago saiatuko bagina...
- Orokorrean, badaukagu euskaldunok kezkatuta bizitzeko arrazoirik?
Ezin gara kezkatuta bizi. Ikusitakoak ikusita edozer gertatu daiteke, baina ezin gara horri begira egon. Guk gurea egin behar dugu, ahal dugun ondoen.
Egunkariaren aldeko Herri Batzordea eratu zen
Duela bost urte, jende askok parte hartu zuen Elgoibarren Egunkariaren itxieraren aurkako kontzentrazioetan eta mobilizazioetan.
- Otsailaren 21ean (Egunkaria itxi eta ondorengo egunean), herritarren ekimenez, kontzentrazioa izan zen Plaza Handian.
- Otsailaren 22an, berriz, Elgoibarko Izarrak antolatuta bi autobus bete ziren Donostiako manifestaziora joateko, eta auto partikularretan ere, herritar ugari joan ziren.
- Otsailaren 24an Herri Batzarra eta kontzentrazioa antolatu zituen Elgoibarko Izarrak. Egunkariako hiru langile izan ziren bertan.
- Otsailaren 26an bi kontzentrazio izan ziren Plaza Handian; Elgoibarko Institutuko ikasleek antolaturikoa bestea.