Zubibaikoek azaldu dutenez, joan zen astean egin zuten Okupen kasua daraman Eibarko 2. epaitegiko epailearekin biltzeko eskaria. “epaileari lehen eskuko informazioa helaraztea da gure asmoa, eta aldi berean, okupen arazoari irtenbidea emateko egiten ari direna azal diezaguten nahi dugu”.
Udalaren jarrera salatu dute
Udalak “geldo eta mespretxuz” jokatu duela salatu du, beste behin ere, Zubibaik. Iniziatiba eurek hartzea beste erremediorik ez zaiela geratu adierazi dute. “'Okupak Altzolan dauden bitartean, ez dauzkagu hemen' pentsatzera garamatza Udal agintarien jarrerak. Hori da, behintzat, Udal agintarien utzikeriak pentsarazten diguna. Inork uste al du, horrelako egoerarik herri erdian onartuko luketenik?"
Segurtasun arazoaz haratago, higiene edo garbitasun kontua ere badela dio Zubibaik.
- Segurtasunari dagokionez, auzoko jaun eta jabe bihurtzen ari dira okupak. Dirua edo tabakoa eskatu eta ezer ematen ez badiezu mehatxuzko begirada botatzen dizute. Hori gutxi balitz, Zubia jatetxeko jabeek liskar bat baino gehiago izan dute eurekin”. Okupek beraiek bizi diren arrisku egoera ere nabarmendu nahi izan dute. “Batetik, erortzeko zorian dauden etxe zaharretan bizi dira, eta bestetik, behin eta berriz gurutzatzen dute N-634 errepidea, autoak geldiaraziz, kutxa eta poltsa izugarrian soinean daramatzatela. Autoak aparkatzerakoan, berriz, inor inguruan dagoen begiratu gabe egiten dute”.
- Garbitasun ezari dagokionez, “etxe inguruan edo ibaira” botatzen dutela zaborra ziurtatzen dute Zubibaiko kideek. “Etxe parean dauzkaten zabor ontziak ez dituzte erabili ere egiten eta oinarrizko premiak etxe inguruan egiten dituzte”.
ARGAZKIAK:
Egin dituzten salaketekin batera, hainbat argazki ere bidali dituzte Zubibai elkartekoek komunikabideetara.