Bizikletan ibiltzeko arropak jarri ditu salgai Kirol Patronatuak

elgoibarren.net 2008ko ots. 21a, 12:03

 
Herriko txirrinduzaleek elgoibartarrak direla erakusteko aukera izango dute aurrerantzean, Udal Kirol Patronatuak atera dituen bizikletan ibiltzeko arropei esker (argazkian).
  • Jantziok eskuratzeko martxoaren 7a baino lehen pasa behar da Olaizaga kiroldegitik.



Zikloturistek eginiko eskariari erantzunez atera ditu Kirol Patronatuak bizikletarako arropak. Izan ere, Quebrantahuesos edo Extreme Bardenas probetan parte hartzen duten txirrindulari afizionatuek faltan botatzen zuten Elgoibar izena daraman jantziekin parte hartzea, beste hainbat herritako txirrindularik egiten duten moduan.
Udal Kirol Patronatuak hainbat modelo aukeratu eta herriko zikloturista talde bati aurkeztu zizkion. Azkenean, gorria, zuria eta beltza uztartzen dituen mailota eta kulotak aukeratu zituzten.
Honako hauek dira salgai jarriko dituzten jantziak: kulote motza eta luzea, mailot luzea eta motza, windtex-a, piratak, e.a.
Prezioak:
  • Mailot manga motza: 31,5 €
  • Mailot manga luzea: 37,5 €
  • Neguko txaketa termikoa: 80 €
  • Udako txaketa termikoa: 66 €
  • Udako txalekoa: 40,75 €
  • Kulote motzak: 41 €
  • Kulote luzea: 50 €
  • Pirata kulotea: 43,50 €
  • Txubaskeroa: 47 €
    *Prezioen negoziaketetan dabiltza Patronatuko arduradunak. Hortaz, baliteke beherapenak lortzea eta hemen azaltzen diren prezioak hobetzea.

Tailak: M, L eta XL. (*M handia geratzen zaionak S edo beste taila bat eskatu ahal izango du).
Arropak Olaizaga Kiroldegiko harreran eskatu beharko dira. Azken eguna martxoaren 7a izango da. Eskaera guztiak jaso ondoren hilabete inguruko epean ailegatuko direla uste du Kirol Patronatuko zuzendariak.

Atletismorako kamisetak
Arropak ateratzeko ekimen hau beste kirol batzuetara ere zabaldu nahi du Kirol Patronatuak, hala, atletismoan jarduteko kamisetak eginarazi eta salgai jartzeko asmoa dutela aurreratu dute. Erakusteko moduan daudenean jakinaraziko dute.
 
Urgazi Triatloi Taldearen arropa berriak

Urgazi Triatloi Taldearen 2008ko arropak.

Elgoibarko Urgazi triatloi taldeak ere arropa berriak atera zituen 2008ko denboraldirako, Kirol Patronatuak erabili dituen antzerako koloreekin, gainera.