Egonaldi hura bukatzean, Andaluziara zen joatekoa, hango kortijo batean lagun talde batekin beste hamabost egun pasatzera. Izugarri maite zuen Andaluzia, baina zeharo zegoen dezepzionatua andaluziarrekin. Zioen baldintza ezin hobeak zituztela han, langile ugari eta lur zein enpresa jabe bakanak, behar bezalako iraultza antolatzeko.
Teorian arrazoi izango zuen, baina teoriak gauzak gertatu ondoren ontzen dira. Gerora. Iraultzaren ideiari oraindik inolako xarma eta beharra ikusten diogunok, nahikoa lan eguneroko iraultzatxo pertsonalekin. Hori bai, kontsolamendua ere behar izaten da eta hor daukagu (edo geneukan?) Fidelen Kuba. Urrutiko intxaurrak hamalau baditu, urrutiko iraultzak zazpi aldiz hamalau.
Nik ere osaba komertzianterik ez dut izan Habanan, ezin bada bertaratu benetako intxaurrak kontatzera. Hobe! Nere ezjakintasunean goratzarre egin nahi nioke eta Fidelen despedida eskutitzari. Ez nuen halako maitasun, apaltasunik espero. Hunkitu edo egin nau.
Badakit han ere badirela kartzelaratutako disidenteak (Guantanamon baino hobeto zainduko al dituzte!), haietatik lau, Madrilen ziren herenegun prentsa aurrean. Kubarentzat trantsizio demokratikoa eskatu omen zuten, Txinakoa, Espainiakoa eta beste eredugarri joz.
Espainiako trantsizioa eredugarri.
Ba horixe, nik intxaurrak Kuban, disidenteok Espainian, gaitzerdi oraindik kartzelan ez nagoena, kartzela eta disidentzia hain merke dauden honetan.