AHT Ez Elgoibar Taldearen erantzuna Iñigo Palominori

elgoibarren.net 2008ko ots. 27a, 09:57

 
AHT Ez Elgoibar Taldeak Iñigo Palominori erantzun nahi izan dio, Euskotrenbideak enpresa publikoko zuzendari elgoibartarrak Abiadura Handiko Trenaren inguruan agerkari honetan eta BARREN astekarian argitaratu genuen elkarrizketan (ikus hemen) egindako adierazpenengatik.



“Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu hau ez dela zure pertsonari kritika, zure kargu eta iritziari kritika politikoa baizik.
Gure estiloa ez da inor kritikatzen ibiltzea, pentsatzen dugunaren alde lan egitea baizik, baina BARRENeko artikulua irakurri ondoren, batetik zure aipamenarengatik eta bestetik esan dituzun astakeriengatik erantzuna merezi duzula deritzogu.

Ez dugu ulertzen Euskotreneko zuzendaria izanda, nola babestu dezakezun AHT, jakina baita trenbide sare berriaren izenean, eta tren normala hobetzearen aitzakian (zuk zuzentzen duzun enpresaren aitzakian) AHTk diru pila bat eramango duela zure enpresaren (eta erabiltzaileon) kalterako, nahiz eta zure alderdiaren mesederako izan.

AHTren inguruan asko eztabaidatu dela diozu, baina esaterik edukiko zenuke noiz eta non eztabaidatu den? Proiektu hori inposatu egin duzue Eusko Legebiltzarrean, diozun bezala, %85 batzea lortu duzuelako.
Gure demokraziaren ikuspuntua ez da mugatzen lau urtean behin bozka bat ematera, eta ondoren lau urte luzez pastela zuen artean nola banatzen duzuen ikustera! Bestela, zertara dator orain Ibarretxeren kontsulta? Gehiengoa baldin badaukazue Parlamentuan Ibarretxek egin dezala nahi duena, eta ez ibili kontsulta egingo duela lau haizeetara zabaltzen, datozen hauteskundeetan bozkak irabaztearren.
Jendearen iritzia hauteskundeetan ikusten dela diozu, baina ahaztu al zaizue udal hauteskundeetan zer jipoi jaso zenuten, batez ere AHTa pasatzen den herrietan?

Guk demokrazia beste era batean ulertzen dugu: demokrazia partehartzailea. Adibidez, Suitzan egiten den bezala (Alemaniaz gain Suitza ere bisitatuko bazenu jakingo zenuke! Eta bestela ikus dezakezu baita ere demokrazia zuzena).

Eta demokraziaz eta gehiengoez ari garenez, Europara joan gabe, bertan EHn egin diren herri kontsultetan ikus dezakezu gehiengoak zer iritzi duen AHTren inguruan. Ibarretxeren kontsulta aintzat hartzea nahi baduzue has zaitezte zuek ere herriaren hitza entzuten. Nahi izango genukeena baino partehartze txikiagoarekin izan ziren arren, denetan gehiengo absolutuak ezetz esan dio proiektu horri, debeku, mehatxu eta trikimailu guztien gainetik.
 
Zure esandakoan ulertzen dugunarengatik, Legebiltzarrerako bozkarik eman ez duen herritarra ez duzue kontuan hartzen? Baina jakizu bere zergen bidez ere egin nahi duzuela proiektu hori (zergak eta kupoa boto emaile eta ez boto emaileen dirutik dator eta!). Informazioa badagoela diozu, bai. Azken aldian nabaritu dugu denon diruarekin nola ari zareten propaganda izugarria egiten AHTren proiektua txukundu nahian, eta gure ustez azken orduan eta presaka zerbait esan behar hori zuen ahuldadearen sinonimo da, orain arte ez baitzarete batere arduratu informazioa zabaltzeaz, baina halere ez duzue inondik inora daukazuen informazio guztia zabaltzen. Gozokiak zabaltzen dituzue, eta kariesak (kasu honetan mendiak zulatzeak) sortzen dituen kalteak ezkutatu.
AHTren aurka gaudenok errespetatzen gaituzula esaten duzu, baina aldi berean intoxikazio kanpaina bat abiarazi duzue, eta Ertzaintza bidaltzen duzue gure aurka. Esan bai errespetatzen gaituzuela, baina errealitatea bestelakoa da. Guk gure ekintzetan ekintza zuzen ez biolentoak erabiltzen ditugu, eta zuek?

1706641319772 AHT Ez Elgoibar Taldearen erantzuna Iñigo Palominori

1706641319806 AHT Ez Elgoibar Taldearen erantzuna Iñigo Palominori

Zuen Polizia basati horrek? Mendi martxak jipoitzen, konzentrazioak jipoitzen. Eta hori gutxi balitz, zer dela eta bidaltzen gaituzue Audientzia Nazionalera protesta ekintza baketsu bat egiten dugunean? Horri errespetua deitzea ere! Ez zaizue ez aurpegia lotsaz eroriko!
Horrez gain, desjabetzak abuztu hasieran egiten dituzue jendea oporretan dagoela aprobetxatuaz, sondeo ilegalak gauez, udalerriek ez daukate informaziorik eta abar luze bat, horrek guztiak asko esan nahi du zuen jokuaz.

AHT proiektuari dagokionez, gizartearentzat ezinbestekoa dela diozu, baina hiriburuen arteko joan-etorriak joan-etorri guztien %3 besterik ez dira, eta hortik erdiak baino ez luke AHTn bidaiatzeko ahalmenik edukiko (beraz, gehienez %1,5: gizartearentzat ezinbestekoa?). Zuentzat bai dela ezinbestekoa, patrikara zergadunaren diru pila bat eramateko.

Brusela-Madril-Paris, Bilbo-Madril, Donostia-Madril batzeko garraiobiderik azkarrena izango da, baina ez egokiena. Gainera, AHTk ez du hegazkina ordezkatuko, horregatik ez baitira hegazkin gutxiago ibiliko. Baina herritarren gutxiengoak egiten ditu bidaia horiek, eta egiten baditu noizean behinekoak dira. Enpresari eta politikarientzat izango da AHT, besteok egunerokotasunean gure lanpostuetan egongo baikara. Gainera prezio elitistak dituen garraiobidea da, ezta inondik inora poltsiko normal batek egunero erabiltzekoa.
Gero, komeni zaizuenean ingurugiroa inporta zaizuela esango duzue, denari “iraunkor” abizen faltsua jartzearekin arazoa konponduko bazenute bezala, baina obra horren beraren inpaktua ez duzue kontuan hartu. Adibidez, zergaitik ez duzue LIC (Lugar de Interes Comunitario) horien barruan Udalaitz sartu? Eraketaz eta balio naturalez inguruko (Anboto etab) mendien berdina baldin bada? Euskal Y-k ez omen du parke naturalik ukituko, baina Iruñerriarekin batuko duen H-ak ez al du Aralar bete-betean zeharkatuko?

Zer egingo duzue horrek sortzen duen hondakinekin? Zein eratan lortuko duzue energia? Kontsumo baxuko bonbillak jartzen aurrezten denarekin?
Ekonomikoki  ere Euskal Herriari proiektu hau ez zaio komeni, izan ere, haseran herrien kalterako eta Bilboren mesederako izango zen “hub” kontzentrazio bat emango zen, ondoren Bilboren kaltetan Madrilera mugituko zena
AHTren euskal zatiaren esplotazioa ez da inondik inora errentagarria izango, eta EAEko administrazioarentzat urtetik urtera diru zulo bat izango da, Madrilen edo Bruselaren mesedetan. Garraoiaren inguruan kuriosoa da erantzunik ere ez ematea “datu gerra horretan ez sartzeko”. Gazteleraz esaten den bezala “el que calla otorga”. Noski, izan ere mugatik pasatzen diren kamioien %10 baino kenduko ez lituzkeen proiektuaz ezin gauza gehiago esan. Eta garraioak daukan hazkundea ikusita zazpi urte barru kopuru hori %5 besterik ez litzateke izango. Diozun bezala arazoa larria da, baina hori ez da irtenbidea!
Ez dakit BARRENeko eskutitzen saila irakurtzeko denbora hartzen duzun, baina gure irakurleek gogoratuko dutenez, Frantziako TGV ez dago garraioentzat diseinatua, estrenatu berri den Madril-Bartzelona linea berria bezala. Madril-Sevilla bai, baina egun ez da erabiltzen ez omen delako bideragarria, eta zuek oraindik AHTak garraioaren karga kenduko duela esanaz?

Alemaniara begiratzea ondo dago, baina beti ere alde positiboak imitatzeko. Jakizu Alemania dela autopistetan munduan kilometro gehien dituen herrialdea (12.000km inguru, A8an ez bezela denak doakoak ibilgailuentzat eta kamioientzat ordainsaridunak). Errepide normalen 40.000 kilometroak batuz gero ibilgailuentzat errepide dentsitate handiena duen herrialdea. Merkantzien garraiorako munduko Aireportu handiena duen herrialdea, eta Europako bidaiarien hirugarren handiena duena. Ikusi duzu Alemania airetik? Bertako hiriek oso itxura kutsakorra dute. Hori imitatu nahi duzu? Suntsiketaren Guiness errekorra?

Zergatik ez diozue begiratzen Alemaniari hemen baino eguzki ordu gutxiagorekin Europa osoan eguzki energiaren liderra delako? AHTren dirua beste helburu batzuetarako erabiliko balitz!
Errepideak eta garapenak neurri batera arte guretzat positiboak dira, baina gaur egungo garapen neurri eta eredu ero eta jasanezinak sistema honen morroi bihurtzen gaituela pentsatzen dugu. Autopistarekin pasatu zen bezala, herrian lan egin beharrean egunero jendea Donostiara edo Bilbora lanera joaten den bezala (egunero joan etorrietan ia bi ordu galduaz, gehi dirua, gehi estresa) AHTk ez ote du eguneroko gauzak urrunago egiteko morrontza bera ekarriko? Ez ote du alferrikako behar bat sortuko naturaren, norberaren poltsikoaren eta osasunaren kaltetan?

Guzti horri gauza bat gehitu nahiko genioke. Zuek hemen interesak dituzue, horretatik bizi eta aberasten zarete. Gu, denontzat (bai, zuentzat ere bai, eta baita zuen eta gure ondorengoentzat ere) beste mundu bat eraikitzeko esperantzak bakarrik mugitzen gaitu, lanetik irtenda batzen gara, ez dugu dirurik kobratzen eta sarri jarri beharra ere edukitzen dugu, eta zuen saria gu kriminalizatzea da. Zuek egiten duzuena al da politika? (polis=herriaren alde). Gainera lana, lana eta lana egiten duzula? Lan remuneratua, noski, zenbat eta lan gehiago orduan eta gehiago kobratu! Guk ere lana, lana eta lana egiten dugu Jaurlaritzan hasi aurretik, zuen oztopo guztien gainetik denon mesedetan, eta benetan horrek aberasten gaitu, zuek ulertzen ez duzuen aberastasun mota horrek!

Bukatu aurretik, gure jarraitzaile guztiei esan nahi genieke garraio publikoa erabiltzearen alde gaudela, eta hori horrela izanda ere, Renfe eta Eusko Tren konpainiari boikota egitera deitzen dugula, bere garaian A-8 Doan plataformak autopista ez ordaintzera dei egin zuen bezala, gaur egun ere desobedientzia kanpaina bat martxan dagoela. Badakigu horrek kalteak eragingo dituela garraiobide publikoan, baina aldi berean AHT finantzatzen ari dira bi konpainia horien erabiltzaileak, eta honek kalte larriagoak eragingo dituenez objekzio kanpaina hau abian jarri dugu, EZ EZAZUE AHT FINANTZIATU.
Informazio gehiago: aht ez ordaindu 
Pika etortzen denean ordainketa ez egiteko deklarazio orriak 
Jendarteak informazioa eta iritziak edukitzea inporta bazaizkizu, pentsatzen dugu ez zaizula arduratuko elgoibartarren aurrean debate batean agertzea gurekin batera. Gonbitea hor daukazu, horrela ezingo dugu esan ezkutukeria erabiltzen duzuenik. Gure xedea herritarrek bi aldeen informazio kontrastatua aurrean edukita libreki erabaki ahal izatea da, ez deritzozu?”

AHT EZ Elgoibarko Taldearen izenean


  AHTari buruzko informazioa duten lotura batzuk:
     Blogak:
     Besterik: