Ateak itxita egin zuten azken udalbatzarra

elgoibarren.net 2008ko ots. 29a, 11:47

 
Ezker Abertzaleko jarraitzaileen protesten ondorioz, plenoa 15 minutuz etetea agindu zuen alkateak. Protestek jarraitzen zutela ikusirik, publiko eta prentsarik gabe; Udal bulego batean eta ateak itxita, amaitu zuten atzoko (otsailak 28) osoko udalbatzarraren ohiko bilera istilutsua.

 


Udal Pleno aretoa.

Alfredo Etxeberria alkateak zinegotzien mahaian eseri ziren EAE-ANVko bi ordezkariei (Iñaki Bengoetxea eta Itziar Ibabe) mahaitik altxatu, eta publikoan esertzeko eskatu zienean hasi ziren Pleno aretoan zeuden ezker abertzaleko jarraitzaileen protesta eta oihuak.
Alkateak orduan, ordu-laurdenez plenoa eteteko erabakia hartu zuen. Protestek jarraitzen zutela ikusirik, ordea, plenoa ondoko udal bulego batean jarraitzeko agindua eman zuen, eta bertara lekualdatu ziren zinegotzi guztiak. Oraingoan, baina, ateak itxita burutu zuten plenoa, publiko eta kazetaririk gabe.
Pleno Aretoan geratu ziren herritarrek, aldiz, protestekin jarraitu eta Udaleko balkoira atera ziren, pankartak eskuan eta  EAE eta EHAK alderdien suspentsioaren aurkako aldarrikapenak eginez.
PPko zinegotzia haserre
PP alderdiko zinegotziak helarazitako oharrean dioenez, "pertsonaia batzuen iskanbila gogoa ezin daiteke nahikoa izan zinegotziak presionatu eta burua makurtuta pleno aretoa lagazera behartzeko. Horrelakorik berriz ez errepikatzea espero dut. Hain justu, alkatearekin biltzeko asmoa daukat, hurrengoan horrelakorik gerta ez dadin neurriak har ditzan, honekin, antzerako zerbait gertatu den hirugarren aldia izan baita".
Javier Nuñezen iritziz, "Alkateak ezin du onartu liskar bilatzaile batzuek plenoa mendean har dezaten, zinegotzien ahulkietan eseri eta altxatzerik ez nahi izatea. Oihu eta bozinak ere ezin ditu onartu, ezta zinegotziak iraintzea edo udaletxeko balkoira askatasun guztiarekin ateratzen laga ere. Eta bien bitartean alkateak beste gela batean ezkutatzea beste erabakirik ez du hartzen"


Udalbatzak plenoa amaitutakoan jakinarazi zien komunikabideei bertan erabakitakoa.
Hona aztertu zituzten punturik azpimarragarrienak:
  • Galiza Etxeak eraikuntza, instalazio eta obren zerga %95 jaisteko eginiko eskaria onartu egin zuen udalbatzak.
      • Aldeko botoak: 13
      • Abstentzioak: 3 (EA)
  • EHAK eta EAE-ANVren suspentsioaren aurrean EAJ, EA eta EB Berdeak/Aralar alderdiek aurkeztutako mozioa onartu egin zuen Udalak.
      • Aldeko botoak: 11
      • Kontrako botoak: 5 (PSE-EE eta PP).
  • PP alderdiak erakunde publikoetan banderen erabileraren betebeharrari buruz aurkezturiko mozioa ez zen onartu.
      • Aldeko botoak: 1
      • Kontrako botoak: 11
      • Abstentzioak: 4
  • Nazioarteko Emakumearen Eguna (martxoaren 8) gogoratzeko PSE-EE-k aurkeztutako mozioa aho batez, alderdi guztiek onartu zuten. Aldaketa batekin, halere; PSE-EErena baino osoagoa delakoan Eudelen adierazpen instituzionala onartu zuten alderdiek.
      • Aldeko botoak: 16
  Argazkiak:

EAE-ANVko bi ordezkariak (eskuinean) zinegotzien mahaina eserita

Liskarrak.

Protestak Udaleko balkoitik.

Ezker Abertzaleko jarraitzaileak udaletxeko balkoian.