Jakina da edozein izan daitekeela Rock munduan musikagile. Adibideak nahi adina. Nahikoa dira hiru akorde eta lau bost trikimailu oholtzara igotzeko. Hori du bere ezaugarrietako bat, edonoren eskura egotea. Orain gainera, informatikak izandako hedapenarekin, grabaketa prozesuak erraztu ditu, ez dago estudio profesionalen beharrik, ez eta instrumentuekin saiatu beharrik ere. Teklatu saguak aski musika soinuak sortzeko. Internetek bestetik, munduari erakusteko atea zabaltzen du, diskoetxeen beharrik gabe.
Hala, atzo ezusteko ederra hartu genuen Zuhaitzen orriarekin. Niri Juan Mari Irigoien idazlea ekarri zidan gogora. Exposito entrenatzaileak zioen, bere aginduetara eduki duen jokalaririk onena zela, baina gai zela Atotxako zeruan begirada galtzeko, pasaran zebiltzan txorien atzetik. Zuhaitzen lekuan jarri eta iruditu zait zeinen zaila behar duen korner bat defendatzeak, etorri berri zaizun melodiari eutsi nahi diozunean, jakinaren gainean, nonbait grabatu, idatzi, kodetu, deskodetu ezean, betirako joango zaizula.