Rajalta Rajale Hiito
Zapatu honetan (martxoak 8) bertan aterako da Finlandiarantz Agirreazaldegi: “goizeko 4etan aterako naiz eta hurrengo domekan, martxoaren 16an, gaueko 24:00etan itzuliko gara”. Rajalta Rajalle Hiito, -border to border (mugatik mugara) moduan ere ezagutzen da ingelesez- iraupen eskiko proba ezagunenetarikoa da. Laponian (Finlandia iparraldean) egiten da, ipar poloaren mugetan, "Papa Noelen bizilekutik ez oso urrun".
440 kilometro 7 etapatan
Zazpi eguneko proba da, 440 km. guztira. “Errusiako mugan Saunavaaraa herrian hasiko gara eta Tornio herrian Suediako mugan bukatuko dugu” azaltzen du Albertok.
Egunean batez beste 65-70 km. egiteko asmoa dauka eskiatzaile elgoibartarrak. “Etapa batzuk luzeagoak dira, 9-10 ordu inguru egunean". Bere asmoa zen 10 km. orduko abiaduran egitea, baina proba horretan ibilitakoak diren eibartar batzuk esan diote hango elurra ezberdina dela, gutxiago irristatzen dela; hortaz, orduko 8 km. inguru egingo dituela uste du.
Egunean batez beste 65-70 km. egiteko asmoa dauka eskiatzaile elgoibartarrak. “Etapa batzuk luzeagoak dira, 9-10 ordu inguru egunean". Bere asmoa zen 10 km. orduko abiaduran egitea, baina proba horretan ibilitakoak diren eibartar batzuk esan diote hango elurra ezberdina dela, gutxiago irristatzen dela; hortaz, orduko 8 km. inguru egingo dituela uste du.
Ez da konpetitiboa, amaitzea da helburua
4 taldetan banatuta aterako dira; talde bakoitzean 100 lagun. Talde bakoitza egun batean aterako da. Lasterketa ez da konpetitiboa eta ez dago sailkapenik baina helburua bukatzea da, eta ez da gutxi.
Finlandiako egun motzak eta hotza
Une honetan egunak motzak dira Finlandian eta "ziurrenik etapak ilunetan amaituko dira". Iluntasunari beldurrik izan ez arren, bertako tenperatura hotzak edozein beldurtzeko modukoak dira: -30º minimoak eta -12º maximoak.
Esperientzia bai, baina egun bateko probetan
Alberto Agirreazaldegi antzerako iraupen eskiko probetan ibilia eta zaildua da: Marcha Lunga (Italian) eta Austriako Dolomitetan, baina egun bakarreko probak ziren haiek. Finlandiakoa baino lehenago Suediako beste proba bat zuen begiz jota. Orain ez dago atzera bueltarik.
Entrenamenduak Candanchu eta Frantzian
Candanchu eta Frantzia aldean ibili da apur bat entrenatzen. “Forma hartzen, erresistentzia fisikoa lantzen ibili naiz, baina ez larregi. Hala ere, fisikoki ondo nagoela uste dut”. Finlandian basoan ibiliko dira, pinu artean. "Leku polita izango da, baina hemen fondoa egiteko pistak dira. Frantzian leku politak daude fondoa egiteko, baina ez daude asko".
Duela hilabete eskas erabaki zuen Finlandiara joatea
Asteburu batean Candanchun zegoela lagun batzuekin topo egin zuen eta haiek esan zioten Finlandiara joatekoak zirela. Batek izena emanda zeukan eta gero kale egin du, haren lekua hartu du Albertok. Tolosa eta Ordiziako jendearekin doa. Euskal Herritik 15 inguru doaz, "azken momentuan Andoni Aizpuru telebista aurkezlea ere apuntatu da".
• Tolosarrek ekarri zuten eskia Euskal Herrira duela 100 urte
Fondoko eskia nordikoa da, eurak asmatu zuten. Euskal Herrira, berriz, Tolosako talde batek ekarri zuen estreinakoz fondoko eskia, aurten, hain justu 100 urte bete dira. Isaac Lopez-Mendizabal eta Jose Eizagirre tolosarrek Azpirotzen (Nafarroa) jantzi zituzten lehen aldiz eski batzuk, Aimond Enebok, Tolosan lanean ari zen norbegiarraren laguntzarekin eta begiradapean.