-Garaipen gazi-gozoa bada ere, balantzerik egin duzue?
Bai, Elgoibarren emaitza hauek historikoak dira. Orain arteko emaitzarik onena 1982koak izan ziren, baina orduan Mendarok ere zenbatzen zuen. Emaitzok egiaztatzen dute orain arteko joera: igotzen ari gara azken hauteskundeetan, bai udaletakoan, autonomikoetan... Uste dut hau esan digutela boto-emaileek: gauzak ondo egiten ari garela. Udalean akordioak lortzen saiatu gara, aurrekontuei 30 puntu gaineratu dizkiegu, eta ontzat eman dituzte. Aho batez onartutako aurrekontuen alde bozkatu genuen. Jendearekin berba egiten ari gara eta jendearen proposamenak Udalera eraman ditugu. Merkadilloaren auzia ere zintzilik dugu. Uste dugu herriaren erdigunean jarri beharko litzatekeela.
-Jendearekin berba egin behar dela diozu. Zer proposamen egingo dituzue?
Elgoibar atzeratuta dago herritarren parte hartzeari dagokionez, eta garaia da alor horretan aurrera jarraitzeko. Tokiko Agenda 21 horren lekuko da eta aipatutako parte hartze hori bultzatzeko 50 proposamen inguru bultzatuko ditugu. Horretarako Foru Aldundiarekin adostu nahi dugu lau urtetarako akordioa, Ikei aholkularitzaren laguntzarekin. Araudi organikoa aldatzearen alde gaude, ordezkaritza ez duten herritarren elkarteen ahotsa entzun dadin.
-Noren ahotsa ordezkatu beharko litzateke?
EAE-ANVk Udalean espresatzeko aukera izan behar luke.
-Orain dela egun batzuetako plenoan, Udalak baieztatu zuen EAE-ANVk ez zuela
ordezkaritzarik. Ezker abertzaleak ‘surrealistatzat’ jo zuen (ateak itxita egin zen plenoa). Zer iruditu zitzaizun?
Gai konkretu honetan alkatearen esku laga genuen erantzukizuna. Gure ustez,
alkateak erabaki behar zuen zer egin, eta errespetatu egiten dugu eurekin
lortutako akordioa. Alkateak eta ANVkoak aurrez berba egindakoaren arabera,
ez zuten zinegotzien lekua hartu behar, eta publikoaren lehen lerroan jarri behar ziren. Ondoren osoko bilkura bukatzean, paso emango zitzaien. Baina akordio hori ez zuten bete eta azkenean zinegotzien lekuetan
eseri ziren. Horrek tentsioa eragin zuen zinegotzi batengan bereziki. Plenoa
ezin zen horrela egin, eta bozeramaile bakoitzarekin berba egin ondoren, atea itxita egin zen. Hori izan zen pasatu zena. Agian aurkeztu zen mozioak gertatu zena eragin zuen, baina hitz emandakoa beteko zutela uste genuen. Alkateak akordio hori lortu zuela esan zigun eta ez daukagu alkateari ez sinesteko
arrazoirik.
-Zure ustez, udaleko politikak eraginik izan du Espainiako Kongresurako hauteskundeetan?
Bai, baina hauteskunde orokorretan ez du horrek bakarrik eragiten. Baina herrian politika okerra egingo balitz, ez dut uste salto hori gertatuko
zenik.
-PSOE Euskal Herriko herri gehienetan, guztietan ez esateagatik, igo egin da...
Bai, egia da, eta herri txiki askotan ere bai. Igoera orokorra da. Zapaterok ausardia erakutsi du, PSE-EErekin batera, bakeari irtenbidea bilatzeko. Saiakera zintzoa egin du Zapaterok, nahiz eta bagenekien kalterako izango zela Estatuan.
-Orduan, uste duzu jendeak Zapaterori eman diola botoa alderdi baten siglei
baino?
Litekeena da. Bi alderdi nagusi zeuden: PSOE eta PP, eta bipolarizazio nabarmena gertatu da. Zentzu horretan ezkerrak saritu egin du Zapateroren politika soziala. Ez zen gure asmoa beste alderdi politikoak deuseztatzea, ERC eta IUrekin pasatu den moduan.
-Hauteskundearen legea aldatzearen aldekoa zara horiek ordezkari gehiago izan
ditzaten?
Uste dut justua dela proportzionaltasun hori ordezkatzea, eta zentzu horretan D' Hont-en legea ez da aproposa. Elgoibarren lege horrek, orain arte, kalte egin digu, eta azken hauteskundeetan aldekoa izan da. Eta herrian, PSOEren aldeko botoak nondik etorri dira? EAJ-PNVtik? Ez dut uste boto asko EAJtik etorri direnik. Alkateak baiezkoa esan du, baina Senatuko paperetan ikusi dugu oso gutxik aukeratzen zutela EAJko eta PSOEko hautagairen bat. Beti izan dugu boto gehiago hauteskunde orokorretan udalekoetan baino. Kontraesankorra izan liteke, baina Eibar eta Donostia bezalako hirietan alderantzizkoa pasatzen da, baina aurten ez da horrela izan.
-Hauteskunde Autonomikoetan ere PSE-EEk pareko emaitzak lortuko ditu?
Bai, aukera onak ditugu emaitza onak lortzeko eta, zergatik ez, Patxi Lopez lehendakari izateko. Gipuzkoan bigarren aldiz jarraian izan gara lehen indarra, aurrekoan 5.000 botori esker, eta hauetan 48.000 botorengatik. Isaiasen heriotzak eraginen bat izango zuen, baina aurrekoan ez, eta hala ere irabazi egin genuen. Bizkaian ere joera da EAJ-PNVtik gertuago izatea eta Araban ere irabazten ari gara.
-Zer iruditu zaizu PPk azken legealdian izan duen estrategia?
PPk Euskadi erabili du igotzeko Estatuko beste lekuetan, baina Euskadin galdu egin dute. Politika okerra egin dute, bidea zailtzen joan dira eta terrorismoarekin erabilera partidista egin dute. Hori gutxi balitz, ez dut uste politika aldatzeko asmorik dutenik.
-Baina PSOEk Kataluniari zor dio bereziki eserleku igoera. Adituen arabera, Kataluniaren aurkako politika dela-eta igo dira PPren Valentziako eta Madrileko botoak. Euskal Herria ala Katalunia izan da zuretzat emaitzen gakoa?
Biak, baina modu desberdinean. PSCk egin duen kanpaina hau izan da: eurak (PP) ala gu (PSC). Kataluniak PPrekin izan duen esperientzia txarra izan da. Alde horretatik, kataluniarrak zetorrenaz jabetu dira.
-Jendeak nola erantzun du azken egunotako gertaerak direla-eta?
Telefonoak ia kea atera du azken egunotan eta Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek zoriondu egin gaituzte, PPkoak izan ezik.
-Isaias Carrascoren hilketa eta gero ere ez zuten babesik azaldu?
Ez, PPko ordezkaria ez da egin diren kontzentrazioetan egon. Ez dut Arrasatekoetan ere ikusi. Gainontzekoek euren berotasuna agertu digute Isaiasen hilketagatik eta zoriondu egin gaituzte emaitzengatik. Jende asko hurbildu zait kalean, eta negar malkoak isuri ditut.
-Ezagutzen zenuen Isaias Carrasco?
Bai, berarekin askotan berba egindakoa naiz, eta ia egunero agurtzen nuen autopistatik pasatzen nintzenean. Zinegotzi zenean harremana genuen. Nire hirugarren legealdia da, eta bileretan, ikastaroetan... elkartu egin ginen. Askorentzat laguna zen, UGTtik ezagutzen zuten; ni CCOOtik nator.
-Eskoltarik izan duzu?
Badaramatzat urte batzuk eskoltarekin. Alderdiak behartu zidan eta hasieran lagatzekotan egon nintzen. Herritarrentzat kostu handia bada, niretzako zama izugarria da. Jendea ez da ohartu ere egiten eguna eta gaua pasa, kanpoko bat gertu daukazula bizi zarela. Arrasaten pasatutakoa eta gero, arrazoia ematen diet eskolta eramatearen alde daudenei. Isaias Carrascorekin pasatu den moduan, azkenean, ahulenak dauka arrisku gehien. Egoera honek jarraitzen duen bitartean, eskoltekin jarraituko dut.
-Ezker abertzalearen aldetik erantzunen bat espero zenuen?
Ezker abertzaleko batzuk esan didate ez dutela ulertzen pasatu dena, eta esan didate hori PPren onuragarri izango zela eta ezker abertzalearentzat kaltekoa zela. Baina gainontzekoak isilik daude; ez dut ulertzen hilketa honen arrazoia, familia bat suntsitzea baino ez da lortu. Kondenatzeko beste aukera bat galdu dute. Baina ez naiz beste alderdiei zer egin behar duten esaten ibili behar.
-Zein alderdirekin egin behar luke bat PSOEk Madrilgo Gobernuan?
Alderdi batekin edo bestearekin hitzarmenen bat egin beharko du. Nire ustez, akordioa BNGrekin egin beharko luke Gobernuak, Galizian ere batera gaudelako. Azken legealdian ere Madrilen ados jarri dira.
-Eta EAJ-PNVrekin?
EAJ-PNVrekin ere ados jarriko dira ziurrenik. PSOEk lortu ditu akordioak azken aldian EAJ-PNVrekin: Pasaiako portua, Euskal Y-a... CIUk ere aukerak baditu, eta litekeena da haiekin ere akordioren bat lortzea. Hiru akordio horiek egingo balira egonkortu egingo lukete Gobernu berria. Horrela, politika soziala areagotu egingo genuke, partida ekonomikoetatik abiatuta. PPrekin akordioak lortzea ez da erraza izango. Gainera bipolarizazio dinamika horrekin jarraituko genuke. Ikusi egin beharko da hurrengo hautagaia nor izango den.
-Nor izan liteke ordezkoa?
Esperanza Aguirre. Eskumarantz egingo du Alderdi Popularrak ahal duen neurrian, Acebes eta Zaplana saiatu diren moduan. Gallardonek aukera gutxi ditu.
-Aznarrek oraindik agintzen du PPn?
Bai, eragina du eta FAESen bidez kontrolatzen du alderdia.
-Zer egingo duzue emaitza hauei etekina ateratzeko?
Ez dugu uste dena eginda dagoenik. Horregatik lanean jarraituko dugu, herritarren alboan lan eginez. Bide bakarra lana, lana eta lana egitea da. Elgoibarko EAJ-PNV ere aldatzen ari da eta espazio berriak irekitzen ari dira herrian. Legealdirako plan bat dago, eta Ezker Batua eta Aralarrekin lanean dihardugu proposamenak egiten. Ez gara lokartuko.
Testua: Andoni Iturbe.
Argazkiak: Asier Orbea