Atzo goizean (martxoak 26) lanera joan zirenean Olaso industriguneko beharginak izan ziren erdi hondoratutako autoa ibaian ikusten lehenak. Ertzaintzari abisua eman eta gero, haitz batean kateatuta zegoen Audi A-4 autoan ez zegoela bidaiaririk egiaztatu ahal izan zuten Ertzaintzako urpekariek eta Foru Aldundiko suhiltzaileek.
Euriteen eraginez hasita zetorren ibaiak urpekarien lana zaildu eta oztopatu zuen arren, barruan inor ez zegoela ikusteak inguratu ziren larrialdi zerbitzuetako kide guztiak poztu zituen. Eguerdiko 13:00ak inguruan atera zuen gruak autoa ibaitik.
Jabea Portugalen dago
Ertzaintzako agenteek hasitako ikerketek Audi A-4 autoaren jabearekin eman zuten. Bilbon bizilekua duen gizaseme bat da, baina une honetan Portugalen ei dago. Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, autoaren jabeak Bilbon aparkatu zuela adierazi du eta ez ei daki nolatan agertu den ibaian, Elgoibar parean. Ertzaintza autoa ibaira zer paretan erori zen ikertzen ari da. Hipotesi ezberdinak aztertzen ari dira eta ez dute bat ere baztertzen.
Argazkiak: Jabi Leon.