Alberto Agirreazaldegi: “Kilometro asko egin ditut bakardadean, baina horrek ez nau beldurtu”

elgoibarren.net 2008ko mar. 27a, 13:51

 
Alberto Agirreazaldegik 55 urte ditu. Aurten lehenengo aldiz parte hartu du Rajalta Rajalle Hiiton, Errusiako mugan hasi eta Suediakoan bukatzen den iraupen eskiko proba ez lehiakorrean. Esperientzia gogorra eta ahaztezina izan dela dio.


1706641257818 Alberto Agirreazaldegi: “Kilometro asko egin ditut bakardadean, baina horrek ez nau be

Iaz beste euskaldun batzuk joan ziren Laponia aldera, tartean Josu Elejalde eibartarra. Harengana joan zen iritzi eske eta hark animatu zuen Alberto. Izan ere zazpi egunetan 440 kilometroko ibilbidea egiteko aukera sortu zitzaionean, ez zuen zalantzarik izan. Bere bizipenak ibiltarixanak blogean bildu ditu. Aurrerantzean ere bere ibilaldiak kontatzen jarraitzea espero du, baina derrigortasunik gabe.

-Egin dituzun bidaia eta erronken artean, Laponiakoa zertan izan da berezia?
Laponiakoa berezia izan da, lehen aldiz joan naizelako, inoiz ez dudalako egin eski gainean halako ibilbide luzerik (445 kilometro jarraian eta hainbeste egunetan).

-Noiz hasi zinen iraupen-eskia praktikatzen?
Duela 12-13 urte inguru hasi nintzen iraupen eskia egiten, baina ez diot denbora handirik eskaini. Orain dela hamar urte Austria eta Italiara joan nintzen Dolomitenlauf eta Marcialonga probak egitera eta orduan sortu zitzaidan zaletasuna. Oraindik ere mendiko eskia egiten dut. Hau gogokoago dut, libreagoa delako.

-Zergatik joan zara hain urrun?
Ez daukat arrazoi berezirik. Beti izan dut gogoa Laponia edo Groenlandiara joateko eta pentsatu gabe, aukera hori sortu zitzaidanean, ez nion utzi ihes egiten.

-Joan aurretik bidaia prestatzearekin gozatzen duzun horietakoa zara?
Pixka bat bai, baina ez gehiegi. Bidaietan inprobisatzea gustatzen zait, baina oraingo honetan ez zegoen inprobisaziorako aukerarik. Eski-proba batera joan naiz. Ia-ia arrastotik atera gabe ibili naiz.

-Proba lagatzekotan egon zinen?
Ez, ez nuen lagatzeko asmorik, baina lehenengo etapa gogorra egin zitzaidan eta beldur izan nintzen. Hala ere, bigarren egunean beste modu batean ikusten hasi nintzen, eta hurrengo egunetan askoz hobeto ibili nintzen. Burugogorra naizenez, egingo nuela uste nuen, baina heldu arte ezin da jakin, edozer gauza gerta daiteke-eta. Finlandiar batek, adibidez, azken egunean erori eta mokorra hautsi zuen, eta proba bukatu gabe gelditu zen.

1706641257854 Alberto Agirreazaldegi: “Kilometro asko egin ditut bakardadean, baina horrek ez nau be

1706641257891 Alberto Agirreazaldegi: “Kilometro asko egin ditut bakardadean, baina horrek ez nau be


-Finlandiako garagardoa ona da?
Bai, ez naiz oso garagardo zalea baina han oso ondo sartzen zen. Azken egunean garagardo fabrika batera eraman gintuzten eta nahi haina garagardo edateko aukera izan genuen.

-Finlandia eta Laponiako gizartea ezagutzeko aukerarik izan duzu?
Ez. Bakarrik probaren antolatzaileekin eta anua-postuetan zeudenekin izan dugu harremana. Ezagutu dudanagatik jendea hotza iruditu zait, eguraldiaren antzekoa.

-Burua galtzeko moduko paisajea da hura?

1706641257923 Alberto Agirreazaldegi: “Kilometro asko egin ditut bakardadean, baina horrek ez nau be

Bai, hemendik politagoa ematen du baina han elurra, hotza eta basoa besterik ez dago neguan. Bertan bizitzeko gogorra ematen du.

-Argi faltarik izan zenuten?
Argi faltarik ez, baina seiak alderako iluntzen zuen eta etaparik luzeena (90  kilometro) ilunetan bukatu nuen.

-Lakuak edo aintzirak ederrak omen dira. Gomendatzeko moduko lekua da?
Lakuak elurrez estalita zeuden eta gu gainetik ibiltzen ginen ibilbidea jarraituz. Neguan ez da ikusten lakurik; udan berdeagoa eta politagoa izango da, noski.

-Saunaren kulturarekin gozatu duzu?
Bai, han toki guztietan aurkitu dugu sauna eta ia egunero gozatu dugu. Egun batean saunatik atera eta ondoko laku izoztuan sartu ginen prestatuta zegoen zulo batean murgilduz, baina ez genuen segundu askorik iraun bertan. Euren ohituretan barneratuta daukate sauna.

-Iraupen eskian, bakardadeari aurre egiteko gai izan behar da bereziki?
Ez derrigorrez, baina Rajalta Rajalle proban normala da egunero kilometro asko bakarrik egitea eta nik behintzat kilometro asko egin ditut bakar samarrik, baina horrek ez nau kikildu. Ez da preparazio berezirik behar baina bakardadeak beldurtzen bazaitu, akabo. Hobeto ez joatea eta etxean gelditzea.

-Zer esango zenieke zure adinean motibaziorik gabe daudenei?
Kirola egitea ez da adin kontua, eta 60 urte edo gehiagorekin ere egin daiteke, noski. Hemen adin horretako jende asko ibiltzen da mendian, eta sanoa da. Maila ez lehiakorrean kirola egitea guztiz gomendagarria da. Iraupen eskia adinekoentzat oso erosoa da eta Finlandian jende asko ibiltzen da. Rajalta proban ondoen zebiltzanak 70 urteko bi finlandiar ziren. Haiek bizi guztian ibili dira eta ohituta daude.
 
-Marimendiren gizonezkoen bertsioa egin beharko litzateke?
Ez dakit bertsio kontua den baina, dudarik ez, adineko gizon-emakumeentzat oso egokia dela mendian ibiltzea eta behin adin bat ezkero, taldean irtetzea erosoagoa da elkarren laguntzaz errazagoa eta seguruagoa baita. Nire adinekoei eta zaharragoei ere gomendatuko nieke, mendian zehar bazterrak ezagutzeko grina eta gogoa izatea. Morkaikoren bitartez edo lagun-talde bat osatuz ibiltzea oso egokia da adin horretan.

-Zure erronken arabera eskatzen dituzu oporrak?
Ez, lehen aldia da oporralditik kanpo hartzen ditudala, baina gero eta jende gehiagok egiten ditu halakoak. Pentsa, hamazazpi euskaldun joan gara eta lan-mota desberdinetako jendea ginen, baina bakoitza ahal den moduan moldatu da. Gauza hauek ezin dira utzi geroko, bestela inoiz ez ginateke helduko.

1706641257957 Alberto Agirreazaldegi: “Kilometro asko egin ditut bakardadean, baina horrek ez nau be

1706641257991 Alberto Agirreazaldegi: “Kilometro asko egin ditut bakardadean, baina horrek ez nau be


-Beroa gustuko duzu ala hotza nahiago?
Ni hotzarekin hobeto moldatzen naiz, baina norbere gustuko kontuetan ez du garrantzirik beroak edo hotzak.

-Zein hizkuntza hitz egiten dituzu?
 Ingeles apur batekin moldatu naiz, baina gehiago egingo banu, hobeto munduan zehar ibiltzeko. Hortik aparte italieraz egiten dut, baina Italiatik kanpo jai dago. Han italiarrekin hitz egiteko balio izan dit.

-Zein da zure hurrengo erronka?
Ez dakit, orain ez da une egokiena erabakitzeko baina mendiko eskiz zeharkaldi bat egitea gustatuko litzaidake beste urteren batean.

-Laponiatik heldu eta zer izan zen egin zenuen lehenengo gauza?
Aste Santuan iritsi nintzenez lasai hartu nituen egun batzuk. Emaztearekin egin nituen planak baina eguraldiak ere ez zuenez lagundu, lasai samar ibili ginen.  Ez naiz oporrik gabe geratu. Astebeteko oporrak hartu ditut horretarako eta oraindik gelditzen zaizkit egun dezente hartzeko. Nolanahi ere, niretzako oporrak izan dira.

1706641258035 Alberto Agirreazaldegi: “Kilometro asko egin ditut bakardadean, baina horrek ez nau be

-ETBko aurkezle Andoni Aizpuru ere handik ibili da. Zer egin du berak?
Andonik ere parte hartu du beste guztiok bezala. Iraupen eskia egitea gustuko du eta iaz ere egon zen Suedian.

-Zein izan da inoiz egin duzun bidaiarik bitxiena?
Edozein bidaia izan daiteke bitxia, kontua da nola egiten den. Niri bizikletaz egindako bidaiak gustatzen zaizkit, bakarrik nahiz lagunekin, ibilbide jendetsurik gabe eta presarik gabe egiten diren horiek. Pirinioa zeharkatu nuen mendiz eta aurten ere egiteko asmoa daukat.

-Blogean islatu dituzu kronikak. Hemendik aurrera ere zure abenturen berri emango duzu blogean?
Hasieran ez naukan bloga sortzeko asmorik baina gero bat-batean aukera aprobetxatzea pentsatu nuen eta Maiteren laguntzari esker sortu nuen bloga. Ez da izan erraza handik idaztea eta argazkiak bidaltzea, ez baikenuen izaten beti ordenadore bat eskura, baina nik kronika etxera bidaltzen nuen eta Irati eta Pakeren laguntzaz argitaratzen zen. Aurrerantzean nire ibilaldiak kontatzen jarraitzea espero dut, baina derrigortasunik gabe.