Terrorismoaren biktimak gogoratzeko ekitaldia izango da apirilaren 26an

elgoibarren.net 2008ko api. 3a, 09:54

Terrorismoaren ondorioz Elgoibarren hildakoak eta kanpoan hil diren elgoibartarrak gogoratzea da apirilaren 26an, eguerdiko 12:00etan, Plaza Handian egingo den ekitaldiaren helburu nagusia. Biktimen familiartekoek ere ekitaldian parte har dezaten nahi dute antolatzaileek eta gonbidatu egin dituzte.
Bestalde, Carmen Araolazak, Jaime Arreseren alargunak Gipuzkoako Batzar Nagusietan terrorismo eta indarkeriaren biktimak gogoratzeko eginiko omenaldi ekitaldian parte hartu zuen. 


Tokiko Gobernu batzarrak eginiko proposamena onartu du Udal Plenoak eta terrorismoaren biktimak gogoratzeko ekitaldia egitea adostu du; EAJ, EA, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin.
Ezker Batuak eta Aralarrek abstentzioaren alde egin zuten. Terrorismoaren ondorioz hildakoez gain, horrelako ekitaldiek beste era bateko biktimak ere gogoan izan beharko lituzketela adierazi zuten EB-Berdeak eta Aralarreko ordezkariek. Euren ustez, gisa honetako jarduerak elkarrizketaren bitartez adostu behar direla ere gaineratu zuten.
      • Ekitaldia: Eusko Legebiltzarreko Terrorismoaren biktimen bulegoarekin elkarlanean, apirilaren 26an egingo da ekitaldia, eguerdiko 12:00etan, Plaza Handian.

Helburua

Terrorismoaren ondorioz Elgoibarren hildakoak eta kanpoan hil diren elgoibartarrak gogoratzea da helburu nagusia eta Udalak biktimen familiartekoak gonbidatuko ditu, ekitaldian parte har dezaten.
1976 eta 1988 artean eraildako sei lagun gogoratuko dira:
  1. Angel Berazadi (1976). Sigma enpresako gerentea zen Anjel Berazadi hil zuen ETAk Elgoibarren. 20 egunez bahituta egon ondoren, buruan tiro bat
    zuela agertu zen Berazadiren gorpua Azkarateko errepide zaharrean.
  2. Anselmo Duran (1978). 1978. urteko urrian Anselmo Duran izeneko Guardia Zibila hil zuten Komando Autonomoek. Kuartelera bidean zihoala, Artekaleko eskaileretan tirokatu zuten metraileta batekin. Zazpi tiro aurkitu zizkioten gorputzean. Ospitalera eraman zutenerako hilda zegoen.
  3. Jaime Arrese (1980). Elgoibarko alkate izan zen Jaime Arrese. 1980. urteko urrian hil zuten Komando Autonomoek. Iriondo tabernan kafea hartzen ari zela, buruan tiro egin zioten. Lurrera erori eta bat-batean hil zen. 44 urte zituen, ezkondua eta bi seme zituen.
  4. Jose Exposito (1985) 1985eko abuztuaren 4an Jose Exposito Guardia Zibila hil zuen ETAk. Eguerdi aldean pasiaran zebilela tiro bat jaso zuen buruan eta batbatean hil zen. 62 urte zeuzkan, ezkonduta zegoen eta lau seme-alaben aita zen.
  5. Patxi Zabaleta (1988). 1988. urteko ekainean, San Frantzisko kalean tirokatu zuten Patxi Zabaleta elgoibartarra.
  6. Sebastian Aizpiri (1988) 1988ko maiatzean hil zuen ETAk Sebastian Aizpiri elgoibartarra. ETAko Eibar Komandoak hartu zuen hilketa hau beregain. Txaltxa taberna inguruan jarritako auto-bonba batekin hil zuten.

Ekitaldia antolatzeko lau arrazoi nagusi aipatu zituzten Udal Plenoan:
  1. Bizitzeko eskubidea.
  2. Biktima guztiei elkartasuna adieraztea.
  3. Biktima guztiak gogoan izatea, elkarbizitza hobetu nahi duen gizartearen alde. Honek, oinarrizko esparrua eskatzen du, bakea, askatasuna, justizia eta giza eskubideen errespetua izateko.
  4. Ulermenerako baliabide gisa sufrimenduaren errekonozimendua, giza errukirako, gehitutako balio politiko libreak izateko ezinbestekoa da.

    Isaias Carrascoren hilketa gaitzesteko mozioa onartua

Carrascoren hilketa salatzeko kontzentrazioa Plaza Handian.

Udal Plenoak, bestalde, aho batez onartu zuen Isaias Carrasco PSE-EE-ko zinegotzi ohiaren hilketa gaitzesteko mozioa. Hilketa Arrasaten izan zen martxoaren 7an, Hauteskunde Orokorrak baino bi egun lehenago. Besteak beste, edozein herritarren kontrako atentatua, euskal gizartearen kontrako atentatua dela adierazten du mozioak, pertsona eta gizarte erakundeen aurkako edozein atentatu, mehatxu edota gogorkeria jasangaitza dela eta gizarte honetan ETA soberan dagoela berretsi zuten.
Azkenik, Ovidio Campello PSE-EEko zinegotziak eskerrak eman zizkien hilketa egunean doluminak emateko deitu zioten zinegotziei, tartean, Alfredo Etxeberria alkateari.

    Carmen Araolaza: "Inoiz ez da berandu errekonozimendurako"

1706641253458 Terrorismoaren biktimak gogoratzeko ekitaldia izango da apirilaren 26an

Joan zen eguaztenean (apirilak 2), Gipuzkoako Batzar Nagusietan terrorismo eta indarkeriaren biktimak gogoratu ziren. Eraildako batzarkideen ordezkari moduan Carmen Araolaza izan zen; Jaime Arreseren alarguna. Duela 28 urte erail zuten Komando Autonomoek Jaime Arrese elgoibartarra, UCDko batzarkidea eta Elgoibarko alkate izandakoa.
Gipuzkoako Parlamentuaak izandako keinua eskertu zuen Arreseren alargunak. Hala ere, terrorismoari amaierarik ematen ez zaion bitartean, atentatu bakoitzak bere bizitzako unerik latzenak gogora ekartzen dizkiola azaldu zuen. Senarra erail zutenean biktimak bakarrik zeudela ere gogora ekarri nahi izan zuen, “baina inoiz ez da berandu errekonozimendurako” gaineratu zuen.
Carmenek eta Maixabel Lasak (Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzako buruak eta Juan Mari Jaureguiren alargunak) lore sorta bat jarri zuten Iñaki Olazabal euskal artistak terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen omenean egindako eskultura baten oinean.