Gaur goizean Nafarroa plazak daukan itxura ikusita merkadilloa herri erdira itzuli ote den pentsatuko zuen, beharbada, batek baino gehiagok.
Ez dago horrelakorik. Merkatu Plazako saltzaileek produktuak garraiatzeko erabiltzen duten karga-jasogailua izorratu egin zen atzo (apirilak 2) eguerdian eta bigarren pisuan produktuak saltzen dituzten saltzaileetako batzuek, ostegunetan etortzen direnak, postuak kalera ateratzea erabaki dute. Kultur Etxe aurrean (Nafarroa plaza), ari dira salmentak egiten.
Eguraldi eguzkitsua egiten duenez, erosleek eskertu dute leku aldaketa. Hala adierazi du herritar batek: “erosketak egitearekin batera kolore pixka bat hartzeko aukera, hau bai pagotxa!”
Merkatu plazarako eta Udal Euskaltegirako igogailua 2008an
Urtea amaitu aurretik, Merkatu plaza eta Udal Euskaltegiaren artean igogailu berri bat eraikitzeko asmoa azaldu izan du Udalak. Aurrekontua ere kalkulatu dute: 136.000 euro inguru eta baita Eusko Jaurlaritzari diru-laguntza eskaera egin ere. Alabaina, laguntza iristen ez bada ere, igogailua eraikiko dela berretsi zuen alkateak, "jende asko, edadetuak tartean, ibiltzen da leku horietan eta igogailu baten beharra premiazkoa da".
Udalak Merkatu plaza zaharkituta geratu dela eta gabezia asko dituela ere onartzen du. "Eraberritze orokor baten beharra dauka" dio alkateak.
Azken urtetan behera egin du produktuak saltzera Merkatu plazara joaten diren baserritarren kopuruak, eta horrekin lotuta edo ondorio moduan, baita erosleen kopuruak ere. Erakina garai berrietara egokituz eta zerbitzu hobea eskainiz, herritar gehiago hurbilduko liratekeela uste dute Udal arduradun eta saltzaileek.
Kultur Etxean ere igogailua jarriko dute
Merkatu plazan bezala, Kultur Etxean ere igogailu bat jarriko du Udalak aurten. Lan honek 140.000 euroko aurrekontua izango du. Non jarri aztertzen ari dira momentuz.
- Informazio gehiago: Kultur Etxean igogailua jarriko du Udalak aurten (2008-01-28 elgoiBARREN.net)