Luis Cerron: “Nire bizitza osoa etengabeko bilaketa eta kuestionamendua da"

elgoibarren.net 2008ko api. 3a, 13:49

Luis Cerronek Friego, luego existo (Entrelineas editores) saioa kaleratu du. Historian zehar son handiko filosofoek eta gizonezkoek erabili duten argudio zitalen berri ematen du emakumeek etxekoandre izaten jarrai zezaten. Etxeko lanak konpartitzearen alde egiten du eta elkarrizketaren eta enpatiaren alde gatazkak gainditzea lortzeko.



Jendea zirikatu nahi zenuen?
Bai, hori zen asmoa. Askotan hitz egiten dugu gai honen inguruan, baina uste nuen zerbait gehiago egin behar zela. Horregatik hizkuntza xehea eta arrunta, eta askotan errepikatzen diren esamoldeak erabili ditut.

Baina etxekoandre askok ez dakite nor den Descartes edo Aristoteles. Euren bizitzan eragina izan dute?

Liburuaren azala.

Bai. Badakit jende askorentzat horrelako gauzak liburu arrunt batean aipatzea arriskutsua dela. Emakume askok esan didate lehenengo kapitulua ez dutela ulertu. Nire asmoa gutxienez filosofo haien berri izatea zen.

Bereziki Descartesen, “Pentsatzen dut, beraz existitzen naiz” esaldi ezaguna…
Esaldi hori gauza batzuetarako ona izan zen, baina filosofo horiek esandako guztia nahiko motz geratzen zen. Pertsona batzuentzat zegoen pentsatua. Emakumeak kanpo geratzen ziren.

“Deskartatu” egin zituen….
(Barreak) Hori da. Fregatu esaten dudanean mundu guztiaz ari naiz.  Lehenengo norbera hasi behar da fregatzen.

Aristotelesek ere esaten zuen emakumea ez zela “erabateko gizona”...

Pentsa, garai hartan eta geroago ere, Aristoteles kristorena izan da eta oso pertsona jakintsua. Batzuok uste dugu berak zioen guztia ez zela zuzena.

Liburuaren hasieran emakume eta gizonez ari zara eta bukaera aldean pertsonez hitz egiten duzu. Zergatik bukaeran?
Hasieran gaur egungo egoera kontatu nahi izan dut, bukaeran beste modu batera jokatu behar dugula zehazteko.

Etxekoandreak ere izan dira matxismoaren igorleak...
Ez ditut ez gizonezkoak ez emakumezkoak kritikatzen. Batetik, emakume askok hori ikasi dute txikitatik, etxeko lanak egin behar dituztela. Bestetik, gizon asko beldur dira, ez dutelako etxeko lanik egin behar izan. Ulertzen dut oso zaila dela hori aldatzea, prozesu luze baten ondorioa dela.

Laguntza hitza erabiltzen da oraindik, emakumeari mesede egingo balitzaio bezala...
Laguntza hitzarekin emakumeak aspertuta daude. Konpartitu egin behar da. Gizon batzuek oraindik esaten dute gutxi lagundu egiten dutela; pentsamendu hori aldatu egin behar da.

Ez-matxista xumetzat duzu zure burua. Gero eta gehiago daude?

1706641252348 Luis Cerron: “Nire bizitza osoa etengabeko bilaketa eta kuestionamendua da"

Liburua argitaratzera animatu banaiz, horregatik izan da. Gizon guztiak ez gara berdinak. Ni bezalako gehiago daude, eta bakarra ez nintzela adierazi nahi nuen. Hori esan egin behar da, bestela jendeak pentsatu lezake gauzak ez direla aldatu. Liburuaren bitartez gizon elkarte mordoa ezagutu dut. Jende asko dago lanean, baina  emakume asko ez dira fidatzen, eta hasieran errezeloa izaten dute.

Liburuan zera idatzi duzu: “Gizon askorentzat planteamendu berriak baldintza gogorregiak dira”.

Emakumeak etxean ardura asko hartzeko joera du eta gero ikusten dugu, emakumea ez dagoenean, gizon askok ez dakitela zer egin. Berdintasunean funtzionatzen badugu, gizonezkoek Ikasiko dute euren eskuetan dagoela independentzia.

Gizonekoa da sexu ahula?
Sasoi batean emakumea sexu ahula zela esaten zen gizonaren estatusa mantentzearren. Ez da sexu ahula, Supervivientes edo El conquistador de fin del mundo ikustea besterik ez dago. Baldintza gogorretan ere ahalmen handia dute.

Erresistentzia handiagoa dute...
Bai, erresistentzia izugarria dute. Bere esperientziaren arabera da pertsona ahula ala gogorra.

Zure bizitzako esperientzia zein izan da?
Hamabi urtera arte, hiru mutil ginen. Saiakera bat egin zuten gurasoek neska bat izateko, baina laugarrena ere mutila izan zen. 12-13 urterekin erratza pasatzen genuen, mahaian platerak jarri eta kentzen genituen. Gogoratzen dut garai hartan hasi zela nire aita zerbait etxean egiten. Nire amak esaten du ezkutuan egiten zuela, hori ez zelako ohikoa garai hartan. Gero ni hamahiru urterekin kanpora joan nintzen ikastera.  Bi urte eta erdi egon nintzen beste leku batean.

Non?

1706641252384 Luis Cerron: “Nire bizitza osoa etengabeko bilaketa eta kuestionamendua da"

Seminario batean. Gauza guztiak guk egin behar izan genituen. Gure lana zen. Hori laga eta Irakasle ikasketak egitera joan nintzen Donostiara. Pisuan ere mutilak izan ginen denok, eta besteei bezala etxeko gauzak egitea tokatu zitzaidan. Hori amaitu eta bakarrik bizitzen hasi nintzen, eta gauza guztiak nik egin behar nituen. Nire esperientziak eraman nau egoera honetara. Gauza arrunta izan da etxeko lanak egitea. Nik ahal badut, edozeinek ahal du. Ez zitzaidan okurritzen pentsatzea neska bat egongo balitz ez nukeela ezer ere egingo.

Mundua aldatzeko gizonak ere fregatu egin behar du?
Bai. Gauzak esperimentatu egin behar dira.
Liburuak salgai daude. Lagunei oparitzeko tentaldirik izan duzu?
(Barreak) Hori izan da gogorrena, bestela ia ale guztiak doan joango liratekeelako. Kontrolatu egin behar izan dugu. Argitaletxearekin batera 500 ale ateratzea erabaki nuen.

Argitaletxea lehendik ere ezagutzen zenuen?
Famatua ez bazara ezinezkoa da zerbait argitaratzea. Interneten begira hasi nintzen eta Entrelineas editores topatu nuen. Promoziorako lan dezente egin behar dugu zerbait lortu nahi badugu. Denbora mordoa pasatu nuen pentsatzen eta erabakitzen liburua atera behar nuen ala ez. Heziketa mundua da nirea, eta horretan oso gustura nabil. Baina lagun batzuk behin eta berriro komentatzen zidaten merezi zuela kaleratzea eta zabaltzea, eta azkenean animatu egin nintzen.

Zure leloa  aurrean duzuna errespetatzea da, baina nola landu daiteke enpatia hori?
 Enpatia da hain zuzen ardatza, hau da, bestearen lekuan jartzea. Beste baten lekuan jartzen naizenean  uler dezaket zeintzuk diren bere beharrak, bere oinarrizko interesak, hain zuzen ere, funtsean, denok behar berberak  ditugulako: errekonozimendua, maitatua izatea... Nire beharrak eta nire mugak ulertu eta onartzen baditut, besteenak ere errazago uler eta onartu ahal izango ditut. Era berean, nire burua errespetatzen badut, ditudan ezaugarri guztiekin, besteena  errespetatzea errazagoa egingo zait. Ez dauka beste sekreturik. Itxuran erraza badirudi ere, batzuk  maila honetara  urte askotako prozesu baten ondorioz iristen dira. Beste batzuk, ordea,  errazago lortzen dute, era naturalean.
Tipo konprometitua dirudizu, eta Arantzazun egin diren bake-bideko topaketa horietan ere jardun duzu. Zertarako balio izan dute?
Lehenengo ikastaroa egin nuen. Orain bigarrenarekin hasi dira eta ez dut oraindik joateko aukerarik izan. Garbi ikusten da, edozein gatazka ebazteko orduan, gero eta jende gehiago elkarrizketaren alde azaltzen dela. Eta errespetu eta onespenean oinarrituako elkarbizitza berreskuratzeko ahaleginak egiteko prest dagoela. Arantzazuko topaketak ildo horretan sakontzeko bidea erakutsi eta tresnak eskaintzen  ditu. Bitartekari naizen neurrian, gatazkak etikoki lantzeko baliabideek  eta han  izandako  gogoetek   aurreezagutzak  aberastu eta nire pertzepzio-eremua hedatzen lagundu didate. Zenbat eta jende gehiagok  ikuspegi irekiagoa izan, elkar hobeto ulertuko dugun susmoa daukat.

Seminarioan egon zinenean, zer balore ikasi zenituen?
Seminarioan gauza asko ikasi nuen. Garai  aberatsa izan zen hura. Baina zerbait aipatzekotan, esan daiteke bi ardatz nagusi izan zirela barru barruan gelditu zitzaizkidanak eta gerora ere bizitzan oinarri izan ditudanak, alegia; bilatzea  eta  dena galdetzea. Bitxia bada ere, fedea oinarria den toki batean nik  kuestionamendua barneratu nuen. Nire bizitza osoa etengabeko  bilaketa eta kuestionamendua da. Agian horregatik kostatzen zait hainbeste  sistematikoki ezarrita dagoen guztiarekin bat etortzea. Gauza “ofizialen” mundua ez dut erraz irensten.

Gizon espirituala zara
?
Ez dakit gizon espirituala izatea zeri deitzen zaion. Lehen aipatutako “bilaketa prozesua”  barrutik egitea eta bizitzari dimentsio sakonagoa ematea posible dela ustea  baldin bada  “espirituala” naiz.

Estudio zelebre bat atera dute. Fregatzen duten gizonezkoek bizitza sexual oparoa omen dute. Erreparorik egin behar zaio ikerketa horri?
Nik dakidala ikerketa horrek ez du esaten fregatzen dutenek bizitza sexual oparoagoa dutela, baizik eta  “eduki  zezaketela” . Hasteko,  horrek emaitza guztiz aldatzen du. Bestalde, bitxia iruditu zait,  denok susmatzen dugun  ebidentzia batera iristeko  horrelako estudio bat egiteko  beharra  izatea. Hau da, modu naturalean elkarbizitza batean lanak, emozioak, eta.  bikote batentzat hain garrantzitsuak diren gauzak banatzen direnean, inor ez da gutxietsia sentitzen eta bikotearen  arteko  elkarbizitza oparoagoa bihurtzen da.  Beste guztia horren ondorioz etorriko da. Era berean,  harreman batean funtzionamendu desegokia ematen bada, ezin  da sinplifikatu esanaz “fregatu ala ez fregatzean” dagoela arrazoia. Atzean normalki, beste arazo batzuk egoten dira.

Liburua eta gero gizon elkarte asko ezagutu dituzu. Idatziko zenuke haien inguruan?

1706641252421 Luis Cerron: “Nire bizitza osoa etengabeko bilaketa eta kuestionamendua da"

Batzuk ezagutu ditut, bai. Aldaketa pertsonalean oinarritutako proiektu baten alde jokatzen dute eta praktikara eramaten saiatzen dira beren eguneroko bizitzan.  Orain arte bizi, ezagutu eta jaso duten sozializazio sexista eta patriarkalak ezarritako  jarrera, pentsamolde eta portaerak birplanteatzen dituzte,  hausnarketa sakon bat  eginez. Beraien helburua, berdintasunean oinarrituko den  gizarte bat eraikitzea  da. Eta horretarako, lehenik  kontzientziatu  eta  aldaketa  norberarengandik hasi behar dela  aldarrikatzen  dute.

Zer liburu irakurtzen ari zara?
Ba egia esan, heziketaren munduarekin zerikusia duten liburuak ditut eskuetan azken denboraldi  honetan. Eta nahikoa dut horrekin gainera. Beti dago  ikasteko beharra  eta  baita zer ikasia ere.

Irakaskuntzan hainbeste urte jardun eta gero, gazteak ulertzen dituzu?
Baietz uste dut.  Gazteen  bizitza eta jarrerak  gutxi ulertu  eta gehiegi epaitzen dira. Eta horrela komunikazio-eza da lortzen den gauza bakarra.  Hasieran aipatu dugun  enpatia eta  entzute eraginkorra erabiliz, beraien sentimentu eta bizipenetara  iristea posiblea  da, epaiketarik egin gabe, errespetua eta kolaborazioa adieraziz.  Beraiei eskatzen zaien errespetua  aurrez eskainiz, emaitza baikorrak lor daitezke.  Eta zerbait egitea nahi izanez gero, horixe litzake eman beharreko lehen pausoa.

 “Harrikoa egin” euskaraz harri gainean garbitzetik dator.  Gizonezko euskaldun asko  tradizionalagoak dira kontu hauetan?   
Ez ditut mundu guztiko gizonezkoak ezagutzen, baina nire ezagutza mugatutik abiatuta  esan nezake,  salbuespenak barne,  tradizioa arlo honetan antzekoa izan dela leku  gehienetan. Gaur egun, gizon euskaldun asko tradizio hori gainditu eta aldaketarako pausoak ematen ari dira.

 Bullyinga, mobbinga… Auzi horiek ere gertutik bizi izan dituzu?
Bullying-aren kasuan, tokatu izan zait egoera gutxi batzuk gertutik ezagutzea  irakaskuntza munduan batez ere.  Delikatuak izaten dira eta  zerbait onik ateratzea nahi bada,  denon parte hartzea ezinbestekoa  izaten da: tutore, zuzendaritza, klaustroa eta familiaren inplikazioa ongi koordinatuz  batzutan udaletxeko gizarte zerbitzuekin ere,  egoerari aurre egin daiteke. Baina kontu handiz jokatu behar da,  guztien sentsibilitateak babestuz, sarritan  itxiak diruditen  egoeretatik  irtenbide adimentsuak  eta egokienak bilatzea ez baita lan erraza izaten.
 
 
 
Testua: Andoni Iturbe.
Argazkiak: Asier Orbea.