- Sarrerak eskuratzeko: 14:00ak arte Kultura sailean (Kultur Etxean) eta saioa hasi baino lehen leihatilan.
Bilboko Masa Coral del Ensanche taldea berriz itzuliko da Herriko Antzokiko eskenatokira, beste zarzuela bat eskaintzeko. Orain bi urte El Caserio lanarekin, eta duela hilabete batzuk La tabernera del puerto lanarekin Elgoibarren izandako arrakastaren ostean, gaur (apirilak 4) Katiuska zarzuela eskainiko dute.
Kultura saileko arduradunen berbetan oso gustura etortzen dira bilbotarrak Elgoibarrera, “jendeak oso ondo erantzuten du, elgoibartarrok zarzuela zaleak garela dirudi. Batez ere emakumeengan dauka arrakasta genero honek. Beraiek ere oso pozik etortzen dira gurera, arrakasta ziurtatuta baitaukate ia. Pentsa, Gipuzkoan egin zuten estreinako emanaldia Herriko Antzokian egin zuten. Errepertorioan lan gehiago ere badituzte eta urtero bat ekartzea da gure asmoa”
Iraultza boltxebikearen inguruko zarzuela
Bi ekitaldi dauzka Katiuska zarzuelak. Emilio Gonzalez del Castillo eta Manuel Martialonsok idatzitakoa da eta Pablo Sorozabalen musika darama. Zarzuela horretan iraultza boltxevikearen inguruan gertatutakoak kontatzen dira. Iraultza hark tsarren inperioa bertan behera laga zuen eta hainbat errusiarrek beste herrialde batzuetara erbesteratu beharra izan zuten, haien artean, Katiuskak. Garai berriak hasiko ziren ordura arte ezer izan ez zutenentzat,langile eta nekazarientzat batez ere. Ukrainako herri bateko ostatuan, 1918an gertatutakoa kontatzen du Katiuskak. Sasoi horretan gerra zibila hedatu zen herrialde hartara.
Hamalau lagun kantuan
Noble, nekazari, soldadu eta erbesteratuak antzezteko, hamalau lagun izango dira Herriko Antzokiko eskenatoki gainean kantuan. Maisu kontzertatzailea Mario Letena izango da, eta Luis A. Gamarra abesbatzaren zuzendariak jardungo du musika zuzentzen. Masa Coral del Ensanche taldeak 1903an ekin zion zarzuelak prestatzeari, Bilboko baserri batean. Ordutik gaur egunera arte dozenaka lagunek jardun dute taldearekin abesten.
∞ Lotura duten albisteak:
- Antzerkia zinea baino osasuntsuago (2008-02-27 elgoiBARREN.net)