Herri orok badu bere-berea den zerbait, eta gureak ere bai noski. Elgoibar ez litzateke berdina errekako etxerik ez balu. Ibaiari so dagoen herria erakusten digu, urari errespetuz begiratzen diona. Iragana orain, etorkizunera begira.
Baina, askotan badirudi pasatakoa ahaztu egiten dugula geroa eraikitzeko. Zaharra bota eta berria egiteko joera dugu bi aldiz pentsatu gabe, baina ez gara konturatzen berria gero zahar bihurtuko dela. Niri behintzat, pena ematen dit ikusteak herriko eraikuntza zaharrak pixkanaka gutxitzen ari direla. Belokineko etxea duela gutxi bota zuten, plazako farmaziakoa ere badirudi bide beretik doala eta Altzolako Aurretxe ere egoera penagarrian dago. Errosario, San Bartolome eta San Frantzisko kaleetan ere hainbat etxe bota dituzte azken hamarkadan. Agian ez zuten balio historiko-artistikorik izango, baina beraien lekuan eraikitzen dituzten hormigoi blokeak ez dira politagoak.
Irtenbidea, udaletxeak fatxadak berritzeko laguntza handiagoak ematea izan daiteke, eta erreka ingurua kolore bizi eta deigarriz janztea. Izan ere, ez dakit zer gertatzen den Elgoibarren, baina konturatu bazarete, sekulako fijazioa dugu pastel eta granate tonuekin. Moda kontua izango da, eta aldatuko da denborarekin seguraski.
Beste zenbait gauza ordea zailagoak izango dira aldatzen. Ikastola ondoko eta Ubitarte gaineko etxebizitzen orbaina luzaro geratuko da herriaren azalean markatuta. Oraindik ere ulertu ezinik nabil nola onartu den halako munstroak eraikitzea, beste inon ez baitut ikusi horrelakorik. Eta ez dadila inor etorri babes ofizialekoak direlako aitzakiarekin.
Okerrena da ordea, egoerak aldatzeko itxura gutxi duela. Elgoibarren etxebizitza gehiago egiteko proiektuak martxan baitaude datozen urteotarako, Urasandin (hala zioten behintzat) eta Urruzuno aldean esaterako . Zalantzak ditut egia esan (dena 17 urteko mukizu baten ikuspegitik) etxebizitza berriak eraikitzeko beharra erreala den. Agian, emaitza hobeak ekarriko lituzke etxebizitzaren inguruan beste politika bat sustatzeak, herrian etxe pila baitago hutsik; eta behingoz ulertzeak etxebizitza denon eskubidea dela, batzuen negozio tresna izatearen gainetik. Hori lortzean hasiko gara gauzak bide zuzenera ekartzen. Bitartean, hormigoiaren erreinu izaten jarraituko du Elgoibarrek. Etxeak gero eta garaiagoak izango dira, eta azkenean zerurik ere ez dugu ikusiko. Eta, Maalako zuhaitzak bezala, hormigoi artean itoko gara geu ere.
Baina beno, zertarako jarraitu … Azkenean beti sentsazio berberarekin bukatzen ditut blogeko idatziak; afalosteetan mundua konpondu ondoren bezala.