Urkietako etxea bota eta berria eraikiko dute hil amaieran

elgoibarren.net 2008ko api. 16a, 14:19

Plaza Handian, udaletxearen eta San Bartolome parrokiaren artean, dagoen eraikin historikoa bota eta etxebizitza berriak eraikiko dituzte. Hil bukaeran hasiko dira etxea behera botatzeko lanak.
Etxeberria familiak bertan duten farmaziagatik da ezaguna Urkietako etxea gure herrian. 150 urtetik gora daramatzate bertan, eta etxeak familia bereko 6 botikari belaunaldi ezagutu ditu.



    Botikarien sei belaunaldi

Etxeberriatarren famili argazkia.

Pilar eta Flori Etxeberria ahizpak botikari familia bateko 5. belaunaldia dira, emakumezkoak diren lehenak, gainera. "Gure aurrekoek Madrilen egin zituzten ikasketak eta ahizpak eta biok, aldiz, Santiagon. Orduan ez zegoen farmazia ikasketarik Euskal Herrian" akorduan dauka Pilarrek.
Familian botikariak, nagusiki, eta epaileak izan direla gehienak argitzen du. Cancio Etxeberriak hasi zuen botikarien dinastia. Eta jarraipena eman zioten ondorengoek: Miguel, Juan Cancio eta Miguelek, harik-eta, Pilar eta Flori ahizpenganaino iritsi arte, bostgarren belaunaldira arte, hain zuzen.
Eta botikarien seigarren belaunaldiak, nolabait, ziurtatuta dagoela ematen du. Izan ere, Florik eta Pilarrek botikaria ez den anaia bat daukate. "Haren emaztea bai, hura botikaria da" azaltzen dute. Pilarrekin batera egin zituen ikasketak Santiagon eta berak aurkeztu zion anaia. Ezkondu eta gero alaba bat eduki zuten, Ane. Bera izango da 6. belaunaldiko etxeberriatarren botikaria.
 
Farmaziaren kokaleku berria datozen hilabeteotarako
Asteburu honetan (apirilak 19) laga beharko dute farmazia etxeberriatarrek. Ez da behin betiko agurra izango, ordea. Lanek irauten duten bitartean, -13 hilabete atzerapenik ez badago-,  Santa Ana kalean gora lekuz aldatuko dute Etxeberria farmazia. Datozen hilabeteotan, Idama ile-apaindegiaren ondoan egongo dira.

1706641202309 Urkietako etxea bota eta berria eraikiko dute hil amaieran

1706641202375 Urkietako etxea bota eta berria eraikiko dute hil amaieran


Etxea botatzen hasi aurretik, baina, arratoiak hiltzeko enpresa batek ingurua garbi laga beharko du. Ondoren, arkeologoek etxe azpian hezur edo aztarnarik dagoen ikertu beharko dute, San Bartolome parrokiatik horren gertu egotean, litekeena da-eta.

Betiko lekura itzultzen direnean Urkietako etxearen lekua hartuko duen eraikin berria aurkituko dute, sei etxebizitzaz osatutako eraikin modernoa, alegia. Pilar Etxeberria, Farmaziako ugazabak azaldu duenez, “etxe txiki samarrak egingo dituzte, jendeak orain gustuko dituenak, eta hiru gutxienez salduta daudela jakin dugu”.