Elgoibarko berdintasun plana osatzeko asmoz bildu dira alor desberdinetako emakumeak

elgoibarren.net 2008ko api. 17a, 14:45

Elgoibarko berdintasun plana eraikitzeko bidean lehenengo pausoak emateko asmoz bildu ziren atzo, apirilak 16, sektore desberdinetako 17 emakume, Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Goiatz Minguez Udaleko Berdintasunerako Teknikariaren gidaritzapean, ia hiru ordu eman zituzten Elgoibarko emakumeek dituzten beharrak aztertzen.


Sektore ezberdinak ordezkatuta
Ahotsak, Hezkuntza, Gazte Asanblada, Aisialdia, Komunikabideak, Merkataritza, Haizea, San Lazaro, Agenda 21 eta sindikatuetako emakumeak bildu ziren atzo, bakoitzak bere ikuspegitik, emakumeek Elgoibarren dituzten beharrak aztertzeko. 17 emakume bildu ziren, eta lau taldetan banatuta, gizarteko alor diferenteak aztertu zituzten: Kultura, kirola, komunikabideak, enplegua, osasuna, hezkuntza…

Kultur Etxean 3 orduko bilera egin zuten emakume elgoibartarrek.

Beharrak identifikatzea izan zen lehenengo lana, eta orain berdintasunerako teknikariak, Goiatz Minguez ermuarrak herriko diagnosia egingo du batutako datuekin. Ondoren, Udalaren bitartez, emakume eta gizonei zuzendutako Aukera Berdintasunerako Planean aldaketak egitea proposatuko da. Berdintasunerako planak Deba, Mutriku, Mendaro eta Soraluzen ere egingo dira.