Josetxo Anitua Hil

Asier Etxaniz 2008ko api. 24a, 00:01

Makina bat kontzertu ikusia naiz han eta hemen. Gaur urrutira gabe, Nick Cavek Donostian jotzen duela eta, berari buruz nintzen hemen jardutekoa, baina Josetxo Anitua hil dela esan berri didate.

Ikusi ditut kontzertu onak, oso onak eta bikainak, ikusi istrumentista trebe nahiz birtuosoak, abeslari indartsuak, komunikatzen dakitenak, baina inork ez nau Josetxok bezala kili kolo utzi, inork ez dit oiloipurdia atera hark bezala, salbu eta estutzen banauzue Mikel Laboak.

Josetxo Anitua, eibartarra izatez, Cancer Moon taldean ezagutu nuen, nire 18 urteren bueltan, garaiko Los Bichos, La Secta, El Desvan Del Macho, Los Clavos, La Perrera eta Pleasure Fuckers taldeekin batera. Rock Radical Vasco delakoaren ondoren ez da horrelako uztarik izan gurean, eta inondik izatekotan, hauengandik edan genuen guk orduan.

Ez dakit bere komunikatzeko ezintasuna zen edo izaera muturrerainoko lotsatia, baina oholtzan piztia zauritua legez aritu izan zen beti, hats bakoitzean direnak eta ez direnak emanez, grabedade larriz.

Bilboko kafe antzokiko DJa sorreratik, hantxe ikusiko nuen azken aldiz mikroaren aurrean, Atom Rhumbarekin 7 bertsio jo zituzten Ruta 66 aldizkariaren urtemugan eta oraindik gogoan dut nola bukatu zuen bakar bakarrik, Miles Daviesek Nature Boyri egindako bertsioaren gainean abesten deliratuz bezala.

Azken aldian Josetxo Grieta edo La Grieta bezala ziharduen, beti bezala soinu zein sentsazio berriekin esperimentuan, eta horixe pena nik, ikusi gabe geratu izana. Sarean Cancer Moonen bi adibide topatu ditut. Telebistari Rockak zertxobait gehiago esaten zionekoak. Ea asmatzen dudan hemen zintzilikatzen.


Halako nahiez bat geratu zait eztarriko zuloan...eman zuenerako zeinen estimazio eskasa...