Behin pausoa ematera ausartu ziren haiei esker, Elgoibarko bertsoaren desertua ez da horren desertu gaur. Haien ausardiari esker galdu genion beldurra mikrofonoari, ez gara horren koldarrak orain. Norbere lana baloratzen irakatsi ziguten, egindakoarekin poztu eta tristetzen, gure buruekin haserretu eta adiskidetzen. Ia dena zor diegu beraien pausoz markatutako bidean gidatu gintuztenei. Isilpeko lanean etengabe jardun zuten haiek, medailarik jasoko ez duten arren, gure ohore handienak merezi dituzte.
Haien eskutik jasotakoa baliatuz, maiatzak ekarri ohi duen bertsoaren olatuan, aurten ere ohiturari jarraituko diot. Baina, beste behin ere ez dut asmatuko eskerrak ematen, bertsoak dituen neurri lotuetan esan beharreko denak esaten. Beste behin ere ez dira azalduko nire izenaren atzean daudenen izenak.
Jaso dezatela nire “eskerrik asko” sentituena, izenik aipatu ez dudan testu honetan. Izana aipatuta badakitelako beraiek beraietaz ari naizela. Haiei zor diegulako, bidean aurrera egiten saiatuko gara; noizbehinka atzera begiratuz, eta nostalgiaz betetako irri eta malkoak botaz.