Herritarrek ahotsa izango dute Hiri-antolamendurako Plan Nagusian

elgoibarren.net 2008ko mai. 14a, 12:51

Martxan dago jadanik, 1992ko arau subsidiarioak berritzeko Udalak hasi duen prozesua. Elgoibarko Hiri-antolamendurako Plan Nagusiaren (HAPN) bitartez egingo du Udalak, eta bertan herritarren ahotsa kontutan hartzeko asmoa du.
Elgoibarrek datozen urteotan izango duen hiri-antolaketa eta gizarte, ekonomia eta ingurugiro garapena daude jokoan.


52 herritar gonbidatu ditu Udalak

Gizarte maila eta eremu ezberdinetako 52 herritar gonbidatu ditu Udalak HAPNak berritzeko hasitako prozesuaren lehen zatian parte hartzeko. Horietatik 30 lagun inguru agertu ziren Udalak deitu zuen bilera informatibo edo aurkezpenera (argazkian). Herritarrok Elgoibarren egoeraren diagnosia egin beharko dute, eta horretarako, Prometea enpresako teknikarien babesa jasoko dute, Udal Plangintzarako Aholku Batzordearen laguntzarekin batera.
  • Alderdiek proposatutako herritarrak: Alfredo Etxeberria alkateak HAPNaren aurkezpenean azaldu zuenez, herritar horien hautaketan alderdi ezberdinek parte hartu dute. Alderdi bakoitzak herri partaidetza foroetan parte hartzeko hautagai batzuk aurkeztu zituen, eta boto gehien eskuratu zituzten haiek izan dira azkenik, lan taldeetan parte hartzera gonbidatuak izan direnak.
      • Lan taldeok maiatzaren 6an eta 13an egin diren tailerretan parte hartu dute.
Alor ezberdinetako adituen azterketa
Bestalde, azken sei hilabeteetan, alor ezberdinetako (arkitektura, ingeniaritza, soziologia, ingurugiro eta gai juridikoak) aditu talde batek Elgoibarko herriaren inguruko azterketa bat egin duela jakinarazi zuen alkateak. Ezaugarri ezberdinak hartu dituzte aintzat: biztanleriaren bilakaera, industria, etxebizitzen zentsua, e.a. “Elgoibarko egoeraren errealitatea, argazkia, edukitzea nahi genuen, eman beharreko pausoak zein diren jakin ahal izateko” esan zuen Etxeberriak.
Herritar foroetatik ateratzen diren ondorioak alor ezberdinetako adituek egindako azterketaren ondorioekin parekatu eta osatuko dituzte gero. Diagnosi bateratua, Hiri-antolamendurako Plan Nagusia osatzen hasteko oinarrizko dokumentua izango da.
 
Bigarren fasea uda amaieran
Uda ostean, herri partaidetza foroaren bigarren faseari hasiera emango dio Udalak, eta herritarren proposamenak jasotzen hasiko da. Era guztietako proposamenak izan daitezke: etxebizitza, lurzoru industrial, berdegune, aparkaleku... . Hilabete batzutan luza daiteke bigarren fase hori, betiere eztabaidak irauten duenaren arabera.
 
Oro har, HAPN osaketak etorkizuneko Elgoibar irudikatzeko balioko du.