Iberiar penintsulari itzulia motoan eta lau egunetan

elgoibarren.net 2008ko mai. 14a, 15:27

 
Fernando Bautista, Ibizan bizi den elgoibartarra, motorzalea eta bidaiazalea izanik, bere BMW 1200 GS Adventure motor gainean igo eta Iberiar penintsulari itzulia eman dio kostaldetik, -4400 km. pasatxo-, bakarrik eta lau egunetan. Bere web gunean kontatzen du dena.

 
 
    Iberiar pernintsulari itzulia, etapaz etapa:

1706641130769 Iberiar penintsulari itzulia motoan eta lau egunetan

1. etapa (maiatzak 1): Denia, Cadaques, Elgoibar (1.404 km.). Motorra piztu: 07:30. Itzali: 23:00
2. etapa (maiatzak 2): Elgoibar, Finisterre, Porto (1.068 km.). Motorra piztu: 10:00 Itzali: 02:00
3. etapa (maiatzak 3): Porto, Tarifa, Sevilla (929 km.) Motorra piztu: 11:30 Itzali: 23:30
4. etapa (maiatzak 4): Sevilla, Denia (1.034 km.) Motorra piztu: 08:30 Itzali: 20:05
 


-Zenbat denbora da Ibizan bizi zarela? Ez du bizitzeko toki txarra ematen...

Lehen etapa Elgoibarren amaitu zuen Fernando Bautistak.

Orain dela 6 urte iritsi nintzen estreinakoz Ibizara, eta irlaz maitemindu nintzen. Ibizaz etengabe gozatzeko aukera emango zidan lanaren bila hasi nintzen, eta baita topatu ere: luxuzko altzariak saltzen dituen enpresa batean kontalaria naiz. Mundu osoko pertsonaia ezagunak pasatzen dira bertatik. Bizitzeko leku zoragarria da Ibiza, kontrastez betea: natura egunez, festa gauez, jende pilaketak udan eta neguko lasaitasuna. Paradisu bat.

-Zein motorrekin egin duzu bidaia, zein ezaugarri ditu?

BMW 1200 GS Adventure bat da. Ibizarako handiegia denez, ahal dudan guztietan bidaia luzeagoak egiteko ateratzen dut. Bidaiatzeko moto ezin hobea da: indartsua, segurua, erosoa eta aukera askokoa. Trail erakoa denez, lur pistetatik ere sartu naiteke berarekin. Bi gurpildun lur-orotako ibilgailua da.
 
-Kuriositate bat. Penintsulari buelta ematen ari zinela eguzkia izan duzu lagun, baina euria egin izan balizu?

1706641130830 Iberiar penintsulari itzulia motoan eta lau egunetan

Aurreikusita neukan. Askoz deserosoagoa izango litzatekeen, baina itzuli guztia ematea promes egin nuen eta halaxe egingo nukeen. Gainera, gaur egungo materialeei esker kilometro asko egin daitezke euripean eta busti gabe. Niri izugarri gustatzen zait euripean gidatzea, beti erne egon beharraren ondorioz nekezagoa den arren. Hala ere, errespetu handiagoa nion haizeari, kostaldetik egin nahi bainuen bidaia osoa, eta haizea indartsuago dabil kostaldean.

-Noiztik daukazu motorra?
Ibizara heldu nintzenetik. Lehendik ere gogoko nituen, baina beti aurkitzen nuen arrazoiren bat ez erosteko. Hemen ezberdina da. Ibiza moduko irla batean ibilgailurik aproposena da: auto-ilarak ekiditen ditu, aparkatzea errazten du, izkutuko kaletara iristea ahalbidetzen, eta gainera, gutxiago kutsatzen du. BMW txikiago bat, 650 cc, eduki nuen lehenik, eta orain urte eta erdi erosi nuen berria. 45.000 km. egin ditut berarekin.

-Motoan bidaia luzeak egiteko afizioa daukazu. Nondik nora ibili zara?

 Momentuz, penintsula barruan egin ditut bidaia ia denak. Probintzia guztietan eta irla batzuetan izan naiz. Horrez gain, Frantzia hegoaldea, Portugal eta Maroko iparraldea (Sahararaino) ere nahiko ondo ezagutzen ditut. Aurten Atenaseraino (Grezia) ailegatzea gustatuko litzaidake; joanekoan Italiatik eta itzulera Balkanetatik eginez.

-Interneteko motozaleen foroak atsegin dituzula ikusi dugu...

Portugalen bizi den familiarekin.

Bai. Lehen beste foro batzuetan idazten nuen, eta orain www.bmwmotos.com foroan idazten dut. Lagun asko ezagutzeko aukera eman dit, horietako asko garrantzitsuak motor munduan. Gezurra dirudi zenbat lagun aurki daitezkeen Interneten. Asko idazten dut, eta ezagutzen nauen jende kopurua ere handia da, ia probintzia guztietan dauzkat lagunak lo egiteko lekua eskaini edo zerbait jatera gonbidatuko ninduketenak. Beste askok, berriz, argazkiengatik ezagutzen naute eta bidaian nagoenean motoa eta ni ezagutu eta kasu egiten didate. Oso kuriosoa da. (Adibide bat: Hemen)

-Gero eta afizio gehiago dago?
Ekonomia krisia igarri da motoen salmenta merkatuan, baina egia da afizio handia dagoela. Bizitzeko modu bat izatera ailegatzen da motoarena. Hori bai, sekula ezin zaio errepideari errespetua galdu, gehiegikeriak ordaindu egiten baitira. Hutsegite bakarra azkena izan daitekeela ezin du ahaztu motorzaleak. Alabaina, gainerako ibilgailuetako gidariek motorzalearen ahuleziaz jabetu behar dira, ez baitu babestuko duen “txaparik”. Administrazioak ere kontsekuente izan behar dira eta puntu beltzak desagertzeko lan egin, motorzaleentzako babesgarriak egokitu, benetako bide-hezkuntza eskaini eta abiadura handian ibili nahi dutenentzako zirkuituak sortu beharko lituzkete, horiek errepideetatik ateratzeko eta jendea behar bezala prestatzeko.

1706641130899 Iberiar penintsulari itzulia motoan eta lau egunetan

1706641130936 Iberiar penintsulari itzulia motoan eta lau egunetan