Juan Cruz Sol, elgoibartar bat Abramovitxen gortean

elgoibarren.net 2008ko mai. 21a, 14:20

 
Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur iluntzean Manchester United eta Chelsea taldeek Moskuko Luzhniki estadioan. Futbolzaleak adi-adi, begirik kendu gabe edukiko ditu futbol munduko txapelketarik garrantzitsuenetakoa denak, eta horrenbeste edo gehiago, Juan Cruz Sol, Chelseak Espainiako Ligan duen gazteen ikuskatzailea baita elgoibartarra.



elgoiBARREN.net orainkariak aurreratu zuen moduan, Juan Cruz Sol orain dela urte eta erdi hasi zen lanean Londreseko Chelsea futbol taldean, gazteen ikuskatzaile moduan.

Berria egunkariari egin dizkion adierazpenetan, etxetik (Valentzia) jarraituko duela gaurko (maiatzak 21) partida azaltzen du Solek, eta final parekatua eta emozioz beterikoa aurreikusten du, “xehetasun txiki batengatik erabakitzen diren horietakoa, bi taldeek oso ondo ezagutzen dute elkar”.

Aktualitateaz haratago, bere lanaren inguruko xehetasunak eta bitxikeriak azaldu ditu Valentzia eta Real Madrileko jokalari ohiak. Besteak beste, futbola gustuko duen edonork nahiko lukeen lanpostua daukala onartzen du, pribilegiatu bat dela, alegia, munduko talderik indartsu eta aberatsenetakoan lan egiteagatik. Chelsearentzat baliagarriak izan daitezkeen jokalarien bila Espainiako Liga goitik behera miatzen du Solek.
Chelsea taldearen filosofia eta egitura erraldoia gertutik ezagutzeko aukera izan du. “Azpiegitura zehatza du, langile bakoitzak argi du zein den bere lana. Oso klub profesionala da”. Berak Frank Arnesekin (Chelseako kirol zuzendaria) harreman zuzen du eta harekin biltzen da bi hilabetean behin, Londresen, klubaren egoitzan.
Bere ugazaba famatua, Roman Abramovitx milioi askoko aberats errusiarrarekin, berriz, apenas duen traturik. “Behin edo bitan” berba egin duela harekin aitortzen du. “Oso pertsona arrunta da. Beste bat, haren tokian, harroputza litzateke, baina berak ez du inondik inora irudi hori ematen. Errespetu handia die klubeko langile guztiei” azaltzen dio Solek Julen Etxeberria Berriako kazetariari.