Hiru atxilotu Mendaroko taberna batean osten saiatzeagatik

elgoibarren.net 2008ko mai. 22a, 09:32

 
Susmagarriak Mendaroko Emeterio tabernan sartzen saiatu ziren martitzen goizaldean, baina ez zuten lortu, eta ordu batzuk geroago ertzaintzako agenteek atxilotu zituzten inguruetan.


 

Eibarko Ertzainetxeko agenteek hiru gizonezko atxilotu zituzten martitzenean (maiatzak 20) lapurreta delitua egotzita.

Ertzaintzako iturrien esanetan, goizaldeko ordu biak aldera, herritar batek Ertzaintzari deitu zion hiru pertsona Mendaroko ostalaritza establezimendu batera -Azpilgoeta kalean dagoen Emeterio taberna- sartzeko atea manipulatzen ari zirela jakinarazteko. Toki horretara iritsitakoan, ertzainek lokala ikuskatu zuten, jabearekin batera, eta kalterik ez zegoela-eta ez zela ezer falta baieztatu zuten. Dena den, tabernako leiho-ateetako bat hautsita zegoen.

Ertzainen amua irentsi zuten susmagarriek
Lapurreta saiakera honen ustezko egileek bertara joateko erabili zuten ibilgailua, Toyota Carina bat, inguruetan aurkitu zuten eta zepoa jarri zioten inora mugitu ez zedin. Goizeko 5:30ak jota zirenean, hiru gazte sartu ziren bertan, eta ertzainek hori ikusita, identifikatu egin zituzten. V.C. (21 urte), B.G.D. (35 urte), eta N.I.I. (27 urte) tabernan osten saiatu ziren pertsonak zirela baieztatu ondoren, atxilotu egin zituzten. Atxilotuak epailearen esku laga zituzten.