Gero oholtza baten gainera igo zinen, ezer pasako ez balitz moduan (non geratu ote dira orain bost urteko balerianak!) eta barruan zenuena atera zenuen, eta zuk uste zenuenaren kontrara, asmatu zenuen bai, bertsoak dituen neurri lotuetan esan beharreko denak esaten.
Ni pare parean ninduzun eserita, zuri begira, begiak zabal-zabalik, ahoa adurra dariola, beti bezain urduri, eta zure “neskekin” txaloka, fuerte-fuerte.
Sekula horrela, esan ez ditudanak esateko gogoa sartu zitzaidan zuk idatzitakoak irakurtzean. Gogoratzen al duzu? Batzuk barre ere egin ziguten. Zer eta bertsoa Elgoibarren! “Beno, mesedez....” zioten eurak. Eta guk harro kanpotik, baina beldurtuta izatez, erantzuten genien, ez genuela ezer galtzen ahalegintzearren. Lortuko genuela. Bazela kantera polita, bertsoa gustatzen zitzaien ume bihurri mordoa genuela gurekin.
Eta beldurtu ere egin ziren batzuk, zuetako hiru oholtzara igo behar zinetela jakin zutenean. “Nola egin duzue hori? Ba al dira baina bertso bat egiteko gai?” galdetzen zuten.
Baina pasa zen urte hura, etorri zen hurrengoa, eta hurrengoa, eta poliki-poliki, gero eta jende gutxiago harritzen zen, eta gero eta gehiago zegoen jakinaren gainean.
Beti aurrera begiratzeagatik haserretu zara zure buruarekin. Atzera gutxiegi begiratzen dugula diozu. Ez zaitez arren, horregatik haserretu. Eta segi horrela, aurrera.
Batzuek aurrera begiratu izan ez bazenute, gaur ez zuten eta beste lau gaztetxok zuek orain bost urte hasi zenuten bidaia hori hasiko.
Eta ni hor egongo naiz, Oñatin, orain bost urte moduan, artista txiki horien parean, eurei begira, begiak zabal-zabalik, ahoa adurra dariola, beti bezain urduri, eta elkarren alboan izan garen guztiekin, txaloka, fuerte-fuerte.
Zuri, eta zuei, zer esan. “Eskerrik asko” sentituena bidalita nahikoa ote!
Eta orain bost urte barre egin zenutenei, nire irribarre sentituena, eta gaur arratsaldean, Oñatira agertzeko gonbitea, tori. Bost urte beranduago ere, polita izango da eta!