Minbiziak jota
Elgoibarko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko iturriek jakinarazi dutenaren arabera, Mikel Ibañezi ebakuntza egin zioten orain dela egun batzuk ospitalean eta Soto del Real presondegira bidali. “Orain, berriro ere, eta argibiderik eskasak emanaz, ospitalera bueltatu izanak bere egoeraren larritasuna baieztatu besterik ez du egiten. Izan ere aste luzetan eduki dute zeldatik irteteko ere gai ez zela. Egunean 22 pilula hartuaz, diabetes larria, artrosia, anemia eta bizkarreko min ikaragarriak jasan ditu” argitu dute. Hori gutxi ez balitz, “azken berriek minbizia duela jakinarazten digute eta jadanik ebakuntza egin eta barrabil bat kendu diote. Gainera, metastasia zabaltzen ari da, 30 kilo besterik ez ditu eta etsita dago. Orain minbizi horrek izan dezakeen bilakaera da familiaren kezka nagusia, Elgoibarko Amnistiaren Aldeko Mugimendua osatzen dugunona bezala” gaineratzen dute.
Diotenez, Mikel Ibañez muturreko egoera honetara iritsi izanaren erruduna “espetxe politika da; espainiar eta frantziar estatuen politika hiltzailea. Izan ere, Uruguaien atxilotu eta Pariseko aireportuan jaitsi eta kartzelan sartu bezain pronto hasi zen Mikelen osasun asistentzia falta. Orduantxe hasi ziren Mikel erahiltzen. Garbi dago euren asmoa. Horra hor bi estatu zapaltzaileen espetxe politikaren helburu nagusia: presoa txikitzea, birrintzea; psikologikoki, sakabanaketaren bitartez, jipoi beldurgarrien bitartez eta baita osasun arloan ere”.
Mikel Ibañezeken horrelakorik ez gertatzea “gure esku, elgoibartarron esku” dago Elgoibarko AAMren ustez, “Eta zer hobeagorik mobilizatzea baino, etsaiari gure herritarrekin gaudela erakustea baino. Horretarako, deialdi zabala egiten diegu elgoibartarrei bariku honetako manifestaziora agertu daitezen. Mikeli eta bere senideei elkartasuna adieraztera, espainiar estatuari errepresioaren bideari aurre egiteko prest edukiko gaituela esatera… eta errepresioaren adibide garbiena Amnistiaren Aldeko Mugimendua jasaten ari den epaiketa da. Horri ere aurre egiteko balio behar du barikuko manifestazioak”.
• Lotura duten albisteak:
- Mikel Ibañez presoaren estradizio-epaiketaren sententzia urriaren 24an aterako da (2007-10-10 elgoiBARREN.net)
- Mikel Ibañez Oteiza elgoibartarra atxilotu dute Parisen (2007-03-13 elgoibarren.net)