Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

elgoibarren.net 2008ko mai. 28a, 15:03

Pedro Mari Egaña Mintxeta harri-jasotzaile ohiari omenaldia egin zioten Trinitate jaietan. Oraingoan herriko herri-kirol zale gazteek antolatu zuten omenaldia -aurrez, Mendaroko Udalak eta Debemenek egin zioten omenaldia Mendaron-. 60 urte ditu Mintxetak, eta behin eta berriz errepikatzen du adinaren kontua. Ziklo kontua izango da. Hogei urterekin hasi zen harriak jasotzen, eta berrogeirekin gazteak entrenatzen. Jubilatuta dago, baina ez da etxeko hormari begira egoten den horietakoa. Autoa hartu eta hortik zehar ibiltzen da. “Lehen nago asko eginda”, esan digu. (argazkiak eta bideoa dauzka)


Zure azken omenaldia izango dela diozu. Zergatik?
Mundu guztiak ez du merezitako omenaldirik jasotzen. Harri-jasotzailea izandakoa naiz, eta orain gazteekin jarraitzen dut.
  • Ikus hemen omenaldiko bideoa)
{google}1539952423341042659&hl{/google}
Ezustekoa izan zen omenaldia?
Irratian entzun nuen, hamar egun lehenago, omenaldia egin behar zidatela. Anaiak ere esan zidan omenaldia egitekoak zirela.

Egun polita izan zen?
Bai, erakustaldiarekin gustura geratu nintzen.
Gaur egun harri-jasotzaile bakarra entrenatzen duzu. Zergatik bakarra?

Asko hasi egiten dira, baina kosta egiten da jarraitzea. Bakarrarekin gustura nabil. Inguruko gazte bat etorriko balitz, ez nioke ezetz esango.

Berak eskatu zizun entrenatzeko?

Bai, gure ilobaren koadrilakoa da. Ederra mutila. 100 kilo izango ditu, eta 20 urte. Goikoetxeko Imanol da.

Astean zenbat aldiz entrenatzen duzu?
Bi aldiz.

Pixkanaka hobetzen ari da?
Bai, bera ere gustura dabil, eta hori da garrantzitsuena. Hasiberria da gainera. Urtarrilean hasi zen. Ez daukat kexarik. Gazteei lagundu egin behar zaie, baina eurek ere lan egin behar dute.

Diziplina pixka bat…

Eta errespetua.

Zure iloba Arkaitzek laga egin zuen?
Bai, Mendaron ibili zen nire omenaldian azkeneko aldiz, eta orain trontzan ibiltzen da. Ezin izan zuen pisu gehiago hartu, eta harri-jasoketan pisu pixka bat hartzea komeni da. Trontzan lagun batekin dabil. Txapelketan ere apuntatu ziren.

Zergatik uste duzu gazte askok lagatzen dutela?
Sufritu egin behar da. Entrenamenduetan aurrera egin behar da, hobera joan, altxatzen segi. Gaur egun gazte mordoa dago.

Lehen baino nekezagoa da harria jasotzea?

Orain, masajearekin edo medikuekin, errazago prestatzen dituzte. Ez da jendeak uste duen bezala. Nire sasoian ez nuen masajerik jaso. Hemen nago 60 urte eginda.

Bizkarreko arazorik baduzu?

Ez, belaunean izaten dut mina. Harriak jasotzen ibili ez banintzen ere izango nuen. Gure anaia ez zen harriak jasotzen ibili, baina 37 urte zituela operatu zuten ernia diskotik. Baserriko zaharrak oker-oker etortzen ziren basotik, bustita. Gero ez ziren sekatzen, eta gero okerrera egiten zuten. Harri-jasotzaile mordoa ezagutzen dut, eta asko ondo daude.

Neska harri-jasotzaileak ere badaude. Zer iruditzen zaizu?

Ondo, jarraipena izan ezkero. Neska gutxi daude, bi. Nire garaian ez zeuden. Gaur egun kirol gehienetan daude neskak.

Nor entrenatu zenuen lehenengo aldiz?

'Mintxeta'ri eginiko omenaldian parte hartu zuten harrijasotzaile eta lagun guztiak

Ni Sarobe mendaroarra entrenatzen hasi nintzen. 18 urte zituela hasi nintzen, eta berarekin bost edo sei urte egon nintzen. Baina gerrian arazoak izan zituen. Gero Javier Egi-rekin egon nintzen hamabi urte, gero ezkondu eta lanean hasi zen. Denetan ibiltzea zaila da, lana dela…

Afizioa ere badago gazteen artean?
Bai, Aimar Irigoienek jokoa egingo du, eta makina bat gazte joango da. Baserriko gazteek afizioa badute oraindik. Koadrilako batek destakatzen badu, gero koadrilakoek animatuko dute. Gaur egun laguntasun gutxiago dago. Aizkoran gehiago dago, eta telebistan ere botatzen dute.

Zure garaian ez zegoen telebistarik...

Hobeto askotan ez ikustea.

Harria jasotzen irakasteagatik kobratzen duzu?
Ez, afizioagatik egiten dut. Mutil onak entrenatu ditut, eta gustura ibiltzen naiz.

Eskarmentua baduzu…

Berrogei urterekin hasi nintzen erakusten. Hogei urte pasatu dira. Harriak jasotzen soldadutzatik etorrita hasi nintzen. Lehenago ere zerbait ibilitakoa nintzen, bide bazterrean ikusten banuen harriren bat, altxatu egiten nuen.

Non egin zenuen soldaduska?

Hiru hilabete Gasteizen, eta gero Iruñean.

Lehenengo aldia zen herritik kanpo denboraldi luzea pasatzen zenuena?

Bai, hogei urtera arte ez nintzen kanpora apenas irten. Baserrian geratzen ginen. Gaur egun jaio orduko irteten dira kanpora.

Esperientzia ona izan zen soldadutza?

Bai, batzuek ikasi egiten dela esaten dute, baina nik ez nuen gauza handirik ikasi.

Sasoi hartan batzuk gizondu edo gizendu egiten omen ziren soldaduskan…

Gizendu egin nintzen pixka bat. Dirua gastatzeko leku ederra zen. Sasoia ere halaxe nuen: 21 urte.

San ferminetan irten zinen?
Ordurako alde egin nuen. Zortea izan  zuen. Hamabist hilabete irauten zuen, eta ni urtebete eskas egon nintzen.
 
Omenaldiko hainbat argazki 

1706641099637 Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

1706641099670 Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

1706641099705 Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

1706641099741 Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

1706641099778 Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

1706641099813 Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

1706641099849 Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

1706641099894 Pedro Mari Egaña 'Mintxeta': "Laguntasun gutxi dago harria jasotzeko”

 
 
  Testua: Andoni Iturbe
  Argazkiak: Asier Orbea