Orain euskara barra barra entzuten da nonahi, dio, herriak euskararen kontzientzia hartu duela esan liteke, gero. Nahi nuke dioenarekin bat etorri, baina ezin. Are gehiago, irudipena dut ez ote den euskararen hau lau katuren kontua, zeintzuk baitabiltza erdal bonbardeoaren erdian ez entzunarena egiten, eurenarekin nahikoa balute bezala, baina igandetako okindegietan behar duten egunkaria ezin topatuz, edo interneteko bilatzaileetan hutsaren hurrengo emaitzak eskuratuz.
Herri honetan gaur egun harrigarri egiten zait hiru lagunetik gorako taldeetan euskara aditzea, salbu eta hilean behin izaten ditugun feriatan. Han bai, egiten dute barra barra, seguruasko kontatu beharreko guztiak euskaraz kontatzen badakitelako. Gu ordea ez gaitu ganaduak edo aitzurraren kirtenak bizi, gu txikilikuatrek, bonolotoak, max centerrek edo 1 formulak bizi gaitu. Hauek badute bere paisaia, bere hizkuntza, zertan jardun itzulpengintzan.
Ez, ez dut nabari euskara bidean goazenik, eta ez nau lasaiago uzten gerraosteko egoeraren larriagoak. Gero eta txokoratuago ikusten dut euskara diplomazia kontuetara. Eta ezerk amorratzen banau, gure diplomatiko izan behar honek, mahai gainean kristoren ostiakoa jotzeko lotsa edo ezinak.