Mari Jose Ezenarro “Oso zoriontsua izan naiz dendan”

elgoibarren.net 2008ko mai. 30a, 11:07


Bihar, zapatua (maiatzak 30), Mari Jose Ezenarrok denda (Mari Jose Gozotokia) itxiko du. Azken 26 urteak mostradore atzean pasatu ditu, irribarrerik galdu gabe. Ez du erretiratzeko asmorik. 62 urte ditu.

 
 
 

 Denda itxi bai, baina jubilatu ez. Zer dela eta?

Azkenengo aldiz itxiko du denda Mari Josek zapatuan.

Urte asko direlako. Familiagatik eta osasunagatik. Eurek esan didate lagatzeko. Ilobek ere bai. Zarautzen bizi dira, eta hara gehiago joango naiz.
Zure seme-alabak ohituta egongo ziren zu dendan ikusteaz, ezta?
Bai, beti dendan ikusi naute.

Zugatik balitz jarraituko zenuke?
Bai,  asko gustatzen zait lana, baina osasunagatik ere laga beharra dut. Bizitza guztian ibili naiz dendan. Hemen 26 urte, baina 14 urterekin hasi nintzen. Bergaran drogeria batean egon nintzen, eta gero janari denda batean.

Gozo-dendan gusturago?

Bai, oso gustura egon naiz. Zoriontsua izan naiz. Nik aukeratu nuen, sasoi hartan ez zegoen besterik.

Astelehenetik domekara lanean. Noizbait libratuko zenuen, ezta?

Bai, egon nintzen ia bederatzi hilabete gaixorik. Baina bestela, eguazten arratsaldetan bakarrik libratu izan dut.

Ez zaizu gogorra egin?
Ni oso gustura egon naiz, pozik. Gogorra familiari egin zaio. Oporrak hartzen nituen abuztuaren 1etik 22ra bitartean, eta gero jaietan zabaltzeko.

Noiz hartu zuen lagatzeko erabakia?
Duela urtebete edo.

Jendeari noiz esan zenion?

Gabonak inguruan. Ni neu hasi nintzen jendeari esaten.

Asko tristetuko ziren…
Jendeak pena hartu du, askok hori esan didate. Jendearen maitasuna jaso dut. Hemen inguruan jende ona bizi da.

Txutxumutxuen aldizkariak ere badituzu. Horien irakurlea zara?

26 urtean lantokia izan duen gozotokian.

Ez, gantxoak dira, jendea etorri liteke beste zerbait erostera eta gero aldizkariren bat eros lezake. Beti gainetik begiratzen ditut.

Batzuk erostera etortzen dira eta beste batzuk berba egitera?

Jende nagusia etorri izan da kontuak esatera.

Baina adin tarte guztiko bezeroak izan dituzu…

Bai, bi urtetatik hasi eta 80 urtera arte, neska zein mutil.

Lehen ume zirenak orain helduak izango dira, guraso…

Bai, batzuk bai. Eta beste batzuk aittitta eginda. Egia da, ene…
Lehengoan etorri zen ama bat semearekin eta bere aita dendako banketan eseritzen zela esan zion.

Izenez bezero asko ezagutuko dituzu…
Bai, asko. Elgoibar herri txikia. Denok elkar ezagutzen dugu.

Zure seme-alabak ohituta egongo ziren zu dendan ikusteaz, ezta?
Bai, beti dendan ikusi naute.

Banketak historia izugarria du…

Nik banketa bat behar nuen txikia nintzelako, baina gero jendeak hartu zuen. Derrigorrezkoa da. Berritzen joan naiz. Pasatu dira hiru edo lau.

1706641082262 Mari Jose Ezenarro “Oso zoriontsua izan naiz dendan”

1706641082309 Mari Jose Ezenarro “Oso zoriontsua izan naiz dendan”


Letreroen gainean dauden gozokiek ere badute historia…
Batzuek apustua eta guzti egin zuten. Kortxozkoak dira paperarekin. Umeak harrika hasten ziren ea erortzen ziren lurrera gozokiak.

Meza eta gero domeketan ume asko etortzen ziren, ezta?

Bai, eta denak batera.

Zapatuan zerbait berezia egiteko asmorik duzu?

Ez dakit, negar egiten ez badut… Urduri ere egon naiz, poztasunarekin nahastuta. Pena ematen dit jendeagatik, baina etxean gustura daude.

Zure ama ere azoketan ibiltzen zen. Elgoibarrera askotan etortzen zen?

Bai, askotan. Familiak bazuen harremana herriarekin. Ama urte askoan etorri zen plazara. Jende askok ezagutzen zuen herrian.

Jendearekin tratuan aritzeko dohaina etxetik jaso duzu, orduan…

Bai. Amak, Franciscak, bazuen.

Denbora libre gehiago izango duzu orain…

Mari Jose irrifartsu, berak saltzen dituen aldizkari batzuetako argazki sesioa  dirudienari aurre egiten.

Lasai ibili nahi dut. Seme alabek esaten didate ea zer egin behar dudan eta zer ikastaro egin behar ditudan. Nire burua zaindu behar dut.

Eta zain zaitzatela…
Bezeroek asko zaindu izan naute 26 urteotan.

Hasierak gogorrak izan ziren?
Bai, hasieran goizeko 8:30etatik 15:00etara egoten nintzen, eta gero 16:00etatik 21:00etara. Azken aldian 8:30etatik 13:00etara. Eta gero 16:00etatik 20:00etara.

Ez zenuen zure burua bulego batean ikusten, ezta?
Ez, hau gainera bulego bat izan zen sasoi batean. Gainera, Lehen Hezkuntzako ikasketak besterik ez ditut.

Eskaintzak egiten zabiltza lokala saltzeko…

Ez dakit zer egingo dudan, ikusiko dut nora bidali.

Zein ordutan itxiko duzu bihar?
Ez dakit, akaso lehenago itxiko dut. Gogorra egiten da agurtzea.

Non biziko zara?

Elgoibarren, gero Zarautzera joango naiz bilobak bisitatzera.

Urteotan, zer saldu duzu gehien?
Paketeak, txikleak, eta flasha. Lehen mantekaua saltzen zen umeen artean. Gominola ere asko igo da, eta kromoak ere bai. Modan dagoena. Telebistan zer agertu hura saldu. Futbolarien kromoak zerbait jaitsi egin dira, denboraldia hasten denean igoko dira berriro. Gurasoek ere lagundu egiten die.

Lehengo umeak eta oraingoen artean desberdintasunik?

Jatorrak dira umeak, lehen eta orain. Maitasunez tratatu behar dira, eurekin zakarra bazara, erantzun txarrak jasoko dituzu. Ni gustura egon naiz eurekin.

Gozo zalea zara?

Ez bereziki, eta ez zait komeni pikatzea.
 
Testua: Andoni Iturbe
Argazkiak: Asier Orbea