Loteria

Asier Etxaniz 2008ko eka. 2a, 23:16



Gaur umoreko nago. Loteria tokatu zait.

 

Joan den astean jakinarazi zuten, datorren uztailaren 12an Tom Waits-ek kontzertua eskeiniko zuela Donostiako Kursaalean. Haserako pozaren ondoren, kezkatuta nenbilen, oso posible baitzen, lehenago ere Europako hiri batean gertatu zitzaidan bezala, sarrerarik gabe geratzea, eta behin Donostiaraino etorrita... Kasu haretan 900 sarrera saldu omen ziren lehenengo minutuan.

Izan ere, gauzak oso zail jarri dituzte. Gaur goizeko 9:00etan zen hastekoa sarrera salmenta Bartzelonako telefono zenbaki bakarrean, eta artista berak bertan eman beharreko bi kontzertuenekin nahasian. Irudika ezazue zoramena. Oraintxe aitortu dit lagun batek, egun osoa daroala deika, tartean 5 mugikorrekin jardun duela eta oraindik (gaueko 22:00etan) ez duela beste aldean inork erantzuterik lortu.

Gaur, bihar edo etzi agortuko dira, eta bistan da Kursaala ez dutela ez donostiar, ez gipuzkoar ez euskaldunek beteko, Frantziatik, Espainiatik edo batek jakin nondik etorritakoek baizik. Ditxosozko Globalizazioa. Donostia, leku izen bat baino ez munduan; edo interneten.

Tristea da gurera ekarri eta bertakoak honela madarikatzen ibili beharra. Esan nahi baita, alferrik dela "guk ekarri genuen" esatea, bestek gozatu badute. Rolling Stonesekin, sarrerak oparitu zituzten, milaka sarrera. Tom Waitsekin Bartzelonara joan behar sarrera bila.

Baina esan dizuet, loteria tokatu zait. Goizeko 11:00etan telefonoa hartu dit makina batek, eta eskerrak emakume batekin jarri nauen, hala, 125 euroko opari bat egin diot nire buruari. Zorakeria! esango du batek baino gehiagok. Egia! kosta egiten baita morroi hau etxe zulotik oholtzara ekartzea. Ez du itxura denez, horren bizio garestirik, ez ezkontide ohi troparik, ez urgentziazko edo ezinbesteko mezuen predikari usterik. Nahiago du bere baratzeko tomateak zaindu.

Kudeaketa kontuak kontu, aitortu behar dut aurten Donostia nire gutiziak ase nahian dabilena. Nick Cave, Tom Waits... mesedez urtea borobiltzeko jarri itzazue PJ Harvey eta iaz bertan behera gelditu zena, Mikel Laboa; eta portatuko zarete!