Ia hiru urte iraun ditu Zubiaurre auziak
Ia hiru urte beranduago bukatu da gaur (ekainak 4) 2005eko uztailean hasi zen auzia, orduko Athleticeko presidenteak, Fernando Lamikizek, Zubiaurre mendaroarra klubeko jokalari gisa Ibaiganen aurkeztu zuenean.
Espainiako Auzitegi Gorenak gaur erabaki duenez, Zubiaurrek, eta Athleticek jokalariaren ordezkatzaile moduan, bost milioi euro ordaindu beharko dizkio Realari. Orain hiru urte Athleticeko jokalari moduan aurkeztu zutenean Realean zen Zubiaurre, eta talde txuri-urdinak auzitara eraman zuen fitxaketa, jokalariak bere kabuz Donostiako klubarekin zeukan kontratua hautsi zuelakoan.
Realak 30 milioi eskatzen zituen
Reala kalte-ordain gisa 30 milioi eskatzera iritsi zen, jokalariak Realean klausula hori zuela zioelako, baina EAEko Auzitegi Nagusiak 2006ko urriaren 18an bost milioiko kopurua jarri zuen, Donostiako Epaitegiak urte hartako martxoaren 10ean hartutako erabakia berretsiz. Orain Gorenak Auzitegi Nagusiarena berretsi du.
Helegiteak medio, Auzitegi Gorenera heldu zen kasua. Gaur bukatu da. Gorenak ez ditu hiru aldeek jarritako helegiteak onartu.
Zubiaurre 2007ko otsailean hasi zen jokatzen Athleticekin.
Fernando Garcia Macua, Athletic Clubeko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du Ibaiganen. Ikus hemen
- Iturriak: berria.info, eitb24.com, athletic-club.net.