“Telefono mugikorrak, beharra ala moda” izeneko erreportajean, (276 zenb.1999-04-30), mugikorrak gizartean hartzen ari ziren lekuaz gogoeta egiten zuen BARRENek, artean mugikorrak guztiengana zabaldu gabe zeudenean. Bi elgoibartarren esperientziak jaso zituen astekariak.
Roberto Alonso garraiolariak, esaterako, lanerako beharrezkoa zuela mugikorra azaltzen zuen, “telefono mugikorrik ez nuenean denbora asko galtzen nuen alperrik telefono deiak zirela-eta. Kamioia gelditu eta kabina batetik edo tabernaren batetik deitzen nuen”. Mugikorraren esklabo bihurtzeko arriskua ere aurreikusten zuen Alonsok, “mugikorra lantresna bat da eta asteburuan itzali egiten dut”. Erreportajearen titularrean ageri zen galdeari erantzunez, telefono mugikor bat zeukatela-eta “harrokeriaz eta handi uste itxurak” egiten ibiltzen zen jendea ere nabarmentzen zuen.
Ildo beretik, baina alderantziz, espero ez duzun une eta lekuetan deia jasoz gero deseroso sentitzen zela azaltzen zuen Antonio Prietok. “Zorionez ez zait inoiz gertatu, jendea dagoen leku itxietan deskonektatzen saiatzen naiz” zioen. Zerbait aldatu dira gauzak, ezta?
- Erreportajea osorik irakurtzeko: Telefono mugikorrak, beharra ala moda? (pdf)
• Lehen deia 1973an
Telefono mugikor batetik egin zen estreinako deia 1973ko apirilean egin zuen Martin Cooper, Motorola etxeko ingeniariak. Manhattaneko (New York) kale batetik oinez zihoala egin zuen deia berak sortutako Motorola DynaTac mugikorretik. Mugikorren teknologia garatzen ari zen AT&T konpainia lehiakideari egin zion lehenengo dei hura. “Telefono mugikorretik dei egiten ari naik” esan zion pozarren konpetentziako ikerketa buruari.
• 1983an lehen mugikorra merkatuan
Lehen deia egin eta 10 urtera jarri zuen Motorolak lehen mugikorra merkatuan, telekomunikazio alorreko iraultza berria abiaraziz. DynaTac 8000X (Dynamic Adaptive Total Area Coverage) izan zen ofizialki merkaturatu zuten lehen mugikorra. Egungo mugikorren “aitona”, pisutsua (800 gramo), handia (DinA4 orrialde bat baino luzeagoa zen) eta zatarra zen.
Mugikorren teknologia Bigarren Mundu Gerra geroztik ikertzen hasi baziren ere, DynaTac 8000X merkatuan jartzea jauzi teknologiko handia izan zen mugikorren garapenean. Etxetik urrun egon arren familiarekin eta lagunekin kontaktuan egon ahal izateko “ametsa” egi bihurtu zuen tramankulu hark.
Gero etorri zirenak denok ezagutzen ditugu. Asmakizun berriak, besteak beste, gizarte bizitza eta lan merkatua guztiz aldatu zituen.
Gero etorri zirenak denok ezagutzen ditugu. Asmakizun berriak, besteak beste, gizarte bizitza eta lan merkatua guztiz aldatu zituen.
∞ Lotura duten albisteak:
- DynaTAC 8000X, el primer móvil de la historia (abadiadigital.com)
- Martin Cooper, el creador del móvil sueña con incorporarlo al cuerpo (gizmovil.com)
Bideoa:
Mugikorren azken 25 urteotako historia batzen du Verizon Wireless konpainiaren bideo honek: