Ikusmina sortu du Deba ibaian aske dabilen Orkatzak

elgoibarren.net 2008ko eka. 25a, 14:28


Eguerdi partean Deba ibaiertzean, Errosario kalea eta Jauzoro plaza artean, orkatz har bat zegoela ikusi dute ume batzuek. Xaxatu egin dute eta beldurturik Urasandiko zubiraino egin du ihesi korrika, berriz itzuli eta ibaiertzean dagoen landaretzan ezkutatu den arte. Han jarraitzen zuen oraindik, atseden hartzen.



  Bertaratu den basozain batek argi eta garbi adierazi du orkatza bakean laga behar dela, “etorri den lekutik joango da bakean lagaz gero, baina ez da komeni asko xaxatzerik, bihotz txikia dute, eta estresaren ondorioz bihotzekoak eman dakioke-eta”. Lekukoek esan dutenez, noraezean ibili da orkatz gaixoa, eta egin dituen jauzietako batean min hartzeko zorian ere egon da. Basozainaren gomendioa jarraituz, udaltzainek orkatzaren atzetik zebiltzan umeei eta kuriosoei alde egiteko eskatu diete.   Deba ibairaino nola ailegatu den galdetuta, “Despistatu egingo zela edo errekastoren batetik jauzi” uste du basozainak. Dirudienez, askok uste baino orkatz gehiago dabiltza aske inguruetako basoetan.
  Orkatza
 Zerbidoen familiako ugaztun artiodaktiloa, 80 cm-ko altuera eta 25 kg-ko pisua izan dezakeena. Ilaje arre-gorrixka du udan eta grisaxka neguan, eta bi edo hiru puntako adar txikiak ditu. Isatsa oso txikia da. Europako ipar eta erdialdean bizi da (Capreolus capreolus).

Baliteke Orkatza errepide azpiko tuneletik iritsi Deba Ibairaino.

Ibaiertzeko landaretzan ezkutatu da.

 
* Lehenengo argazkia: Aitor Zabala