Leku-ederren atseden hartu dute bizikleta bidaiari frantziarrek

elgoibarren.net 2008ko eka. 26a, 14:45

 
Elgoibar ez da turista eta bidaiarien ohiko helmuga. Hala ere, noizean behin geratzen dira gurean bat edo beste. Argazkiko 9 gazteok, esaterako, Leku-eder parkean aurkitu ditugu mokadutxoa jaten ari zirela. Zortzi frantziarrak dira eta suitzarra bat. Donibane-Garazin hasi zuten bidaia eta Lisboaraino bizikletaz joateko asmoa daukate.


Bidaiari gazteak Leku-eder parkean.

Azpeitiatik ailegatu dira Elgoibarrera, Azkarate igo eta jaitsi ondoren, “Euskal Herrian aldaparik gabeko biderik ez dagoela ederki jabetu gara” azaldu digu Jean-ek neke keinua eginez, baina irribarretsu. Bazkaltzeko prest eta mapari begira aurkitu ditugu. Eguraldiaren iragarpenaz ere galde egin digute, baita Lekeitioraino ze bide geratzen zaien ere. 18 eta 21 urte arteko bederatzi gazteok hilabeteko epean Lisboaraino bizikletaz ailegatzeko asmoa daukate, “kostaldetik egiteko asmoa daukagu: euskadi, Kantabria, Asturias… Picos de Europaraino, eta handik Leonen sartu gero Portugaleko hiriburuan, Lisboan, amaitzeko”. Ahal den heinean trafiko gutxiko errepideak aukeratzen saiatzen direla ere esan digute.
Frantzia ekialdean, Suitzako mugatik gertu, dagoen Besançon hiri ingurukoak (ikus, hiriko webgune ofiziala) dira gehienak, baina Donibane-Garazin hasi zuten bizikleta bidaia.

Ikuskizunak eskainiz diru apur bat lortu

Ailegatzen diren herrietako plazetan ikuskizunak eskaintzen dituzte diru apur bat lortu ahal izateko, “musika eta malabareak egiten ditugu, gitarrez eta gure ahotsez lagundurik”.