Horregatik dabiltza denak prentsaren atzetik. Zernahi delarik ere antolatu, proposatu edo esan nahi dena, ahalik eta mikrofono zein kamera gehien bildu nahi norberari begira. Batzuek ahalegin handirik gabe, hala nola futbolari edo politiko profesionalak, lortzen dute berririk ezer ez esateko, kazetari tropa euren aurrean. Besterik da aitaponteko indartsurik gabe dabiltzanen egoera.
Irudipena dut kazetariak bulegotik irten gabe ere osa ditzakeela argitarapen guztiak, inork eskatu gabe bertara heltzen zaizkion ohar, enkargu, iradokizun eta abarrekin. Kulturarekin zerikusia duten berrietan erreparatzen dut gehien. Prentsaurreko, prentsa ohar eta gomendio zerrenda baino ez direnak izaten.
Nola egiten duten aukera, horra nire zalantza. Susmoa, aurkezpen dotoreenak egiten dituztenek dutela abantaila. Hau da, jasotako pintxo, oroigarri edo espektakuluaren araberakoa izaten dela albistea plazaratzeko probabilitatea.
Amorragarria da ere, jarraipenik eza. Behin dena delakoaren berri ematen baduzu, egokia da berari jarraipen bat egitea. Adibide errazena irratian. Musikariak disko berria kaleratu du. Aitatu dute eta laudatu ere bai maisu lana izan daitekeela sinestarazteraino. Elkarrizketa egin diote eta kasik geinu bat dela aitortu. Gero ez dute bere kanturik gehiago jarriko hurrengoa kaleratu arte.
Gure Barren maite honetako 627. zenbakian ere, Mendaroko Munlet taldea agertzen zitzaigun portadan. Ez dugu bere berririk izan ordutik, irailetik. Kontua da aurten Estatu mailan Rock munduan denik lehiaketa garrantzitsuenerako autatu zituztela, Villa De Bilbaorako alegia. Bertan bigarren saria eta Euskal Herriko hoberenarena lortu zituzten. Finala ekainaren 5.ean izan zen eta hemen daude maiatzaren 8an parte hartu zuteneko bideoak.
Gure herrian bertan makina bat ahalegin egiten du jendeak beraien ekintzetara besteak hurbiltzeko. Prentsan ezezik herriko bazterretan kartelak eta oharrak zintzilikatuz. Gutxitan izaten dute egindako lanaren araberako estimazioa.
Badira alderantzizko kasuak noski. Hiruzpalau aste izango dira. Larunbat euritsu bat zen. Azkarateko errepide zaharra itxita ikusten nuen etxetik. Rallyren bat? Barrenen ez nuen ezer topatu, herriko paretetan ere ez. Etxerakoan kristoren auto ilada ermuaran kaletik ez dakit noraino. Galdetu nuen eta baietz. Rallyren bat nonbait.
Dudan gelditu nintzen. Ahoz aho egin ote zuten, sakeleko telefonoz edo Diario Vascoko oharren baten bitartez.