Badituzte euren erreserbak, hala ere, baina gehienei asko kostatu zaie gizarte modu berrietara egokitzea. Itxura denez, alkoholean erre dute askok osasuna. Gobernuak ematen dien laguntzarekin badute nahikoa. Lan egiteko gogorik ez, beharrik ere somatzen ez dutelako. Squamish, salish… horrela amaitzen diren hitzek, indigenen jatorrizko izenak adierazten dituzte.
Stanley parkea hirian bertan dago. Cider (zipresa gorria) izeneko arbola handiak nonahi, baina baita Douglas fir ( Europan Oregon fir) pinuak ere. Eder eta zuzen askoak. Orain dela bi urte edo haizete ikaragarriak eragindako kalteak nabari dira, ehundaka urteko cider eta pinu erraldoiak erdi-erditik hautsita edo sustraietatik aterata ikusten baitira. Esan beharrekoa da zipresa gorri hori ez dela ia inoiz usteltzen, xilofagoak uxatzen dituen azido bat duelako. Kapelak, etxeak, jantziak, kanoak… edozer egiten zuten jatorrizko naziotarrek zuhaitz horretako lehengaia erabiliz
Ipar aldera jo dugu gero eta Lynn valley-ra sartu. Elur urtu berriaren urak abiada handia hartzen du arroiletan behera eta zubi zintzilikatu batetik pasatu gara beste aldera. Anaia basoan ibilia da eta aditua, horrenbestez. Azalpen ugari entzun dugu basoaz eta zuhaitzez: - Ikusten basaran eta masusta antzeko frutua dituzten adaska hauek? Artzak oso zale dira hauek jaten. Basoan ezkutauta daude orain eta jendeak alde egiten duenean itzuliko dira. Arroila horretara jauzi ere egin izan du eroren batek baina bai ito ere. Uraren zurrunbiloak ez dio aterabiderik lagatzen eta ur hotzak gogortuta uzten du arretaz eta ondo ekipaturik ez dabilena.
Baso-lanetan ez zen ia euskaldunik gerra ostera arte. Gerora ere ez asko. Errez kontatzeko beste, guztira ere. Gaur anaiarekin lanean ibilitako beste bi ikusi ditut. Lehendik nituen ezagun, Lekeitio aldekoak dira eta. Grekoen festa egon da kalean, area zabal batean. Pentsa ezazue nolakoak diren horko feriak, Gabon zaharretakoa, adibidez. Ba, horrelako zerbait. Grekoen musika eta dantzak nagusi eta haien erara prestatutako janari, edari eta pintxoak. Aspertu barik pasatu dugu arratsaldea.
Elkarrizketak lehengo harira eraman gaitu: - Ez al zen euskaldunik basoko lanetatik aparte? Baietz dino Txominek. XX. mendearen hasieran hotel baten jabea euskalduna zen Vancouverren.
Arrantzan be ibili zen Gernika aldeko Basterretxea bat sasoi horretan. British Columbiatik Californiara egur garraioan zebiltzanei arraina saltzen ei zien. Laburduraz, Baster izenaz, deitzen zioten eta horrek une txarrak pasa erazi; izan ere ingelesezko bastard bezala ahoskatzen zuten. Pentsa ezazue kalean aurkezpena egin behar duzunean edo beste batek deitzen dizunean – It’s me, bastard edo – how are you, bastard? entzun beharra egunean ez dakit zenbat aldiz ( Neu naiz, puta-semea; edo zer moduz bizi haiz puta-seme hori?) Semeetako batek, Gregoriok, konpondu zuen abizenak ekarri zien buruhaustea: gaur egun Gregory deituraz dira ezagunak arrantzalearen ondorengoak.
New Westminster, 2008-6-23
- Ikus hemen, Angel Ugartebururen testu guztiak