Arrainetara solasean

Angel Ugarteburu 2008ko eka. 27a, 14:42

Fraser ibaiak delta zabala sortzen du Pazifikora hurreratu ahala. Lautada ikusgarriak eta ortuaria lantzeko lur gozoa. Richmond izeneko portura lagundu diot anaiari, arrain freskoa erostera.


 Fisherman-en egurrezko nasan lotutako itsasontzietan dabiltza saltzaileak arrain freskoa erakutsi eta saltzen. Merkea jeneroa. 9 dolarretan (6 euro) erosi dugu kilo eta erdiko legatza eta 10 dolarretan kilo bat izkira. Baleak ikustera joetako aukera ere badago; gaur ez goaz, baina hurrengo batean akaso… arrantzatik bizi direnak ekialdekoak dira gehienak, txinatarrak batez ere. Pagodak ere badituzte, ondo lekuturik dauden seinale.

 Gerra aurretik japoniarrek ziren arrantzura dedikatzen ziren gehienak, baina Japonek Alemaniaren alde egin zuenez, hemengo gobernuak konfiskatu egin zizikieten ondasunak gerrak zirauen artean, behintzat. Gero, itzuli ere bai, kasu askotan, behintzat. Alemaniar etorkinak ere baziren baina haiek ez zuten ezagun aurpegiko itxuran euren jatorria eta ez zituzten zigortu. Anaiak dioenez, japoniarrak aparte lekutu zituzten babesteko asmoz, inork jipoitu ez zitzan edo.

 Canadako gobernuak lur sailak doan ematen zizkien, lau urteren buruan arlo hartan etxea eta bideak egitekotan. Halaxe lortu zuten erdiguneko lautada eta ordeka zabalak populatzea. Urrutiago joan gabe, nire koinataren familia, Schiler-tarrak, Minesotatik Albertara mugitu ziren. 1905ean ateratako argazkian aitona eta bere bost anaia ikusten dira, lur berrietara iritsi berri.
Etxerakoan Coast mountain katea ikusten dugu aurrez aurre, leku askotan zuri, mila metrotik gorako gailur asko ez badago ere. Elur urte izan da aurten. Atzerago daudenak, Rocky mountains, ez dira ikusten, baina bai han hego-mendebaldean, Estatu Batuetako Baker mendia, 3 mila metroko hiruki zuria.

 Etxera heldu garenean iturria ilez beterik eta ortuko lurra astinduta aurkitu dugu: - Mapatxe madarikatuak! Hilabete egin joagu etxetik kanpo eta tarte horretan gure iturrian bainua hartzeko ohitura hartu juek. Alkanfor bola batzuk botako jitxuat uretan eta lixiba tanta bat. Ahaztuko jake bidea.
 Katuaren itxurako piztia da mapatxea (hala deitzen dio berak), antiojo ertz zuridun katu basatia.
Hemengo urtxintxei ezin zaie katagorriak deitu, beltzak eta grisak direlako. Janari eske hurbiltzen dira eta ia eskuekin hartzeko moduan izaten ditugu. Hegaztietan bela beltza edo erroia ugari. Tomas haserretu ere egiten da beleen historia horrekin; izan ere, beleak babestuta daude, baina  txantxangorrien eta beste hegazti txikien arraultze eta kumeekin elikatzen dira eta gero eta gutxiago ikusten dira txori txikiak, hirigunean, behintzat. – Txikiok ez ditu inork babesten. Nire esku balego, beleak murriztuko nituzke txikiei eskubidea emateko.
                    New Westminster, 2008-06-24