Txantxagorria eta izokina

Angel Ugarteburu 2008ko uzt. 3a, 08:27

Handiak dira hemengo robin edo txantxagorriak. Horkoen hiru bai bakoitza. Ederto kantatzen dute. Atzo, eguna zahartu zenean, parkera joan ginen Tomas eta biok eta hango kantuaren ederra!


 Emakume elbarri bat zegoen basoaren ertzean, ezinduen gurditxoan, robinaren jarduna entzuten eta gozatzen. Halaxe esan zigun, parera heldu ginenean: - Entzuten al duzue hori! Hementxe nago aspaldi, zirkinik egin barik haren kantuari adi.
Atseginak dira kanadiarrak. Agur eta gero arte esatearekin ez dute nahikoa. Luzeroagoko jarduna dute maite. Atseginak ez eze, umoretsuak ere bai, orain arte ikusi eta entzun izan dudanez. Erraz egiten dute barre. Liskarrik apenas ikusi dudan, izango dira, baina.

  Bidean aurrera, gizon heldu batek bero agurtu du nire anaia. Ezaguna zuela esateko moduan. Hark ere kontu bera: - Entzuten al duzu zein ederki kantatzen duen robin horrek? Beleekin dituzten arazoak atera dira autura laster. – Nire baratzean kabia egiten zuten txantxagorriak isildu eta aldendu ziren betiko. Erroi arraio horiek jaten dizkiete arrautzak- bota du Tomasek eta besteak erantzun: - Lehengoan tiro egin nion erroi bati, etxe ondoan zarataka ziharduen eta. Beste hogei edo etorri ziren tiro egin nielako protestaka. Barreak egin ditugu eta aurrera. – Ezaguna al huen ? galdetu nion Tomasi eta ezetz. Erraz sartzen da hemengo jendea solasean.

  Capilano valley-ra joan ginen herenagun. Erreka bizkor dator kostaldeko mendi kateatik behera. Izokinak errekan gora datoz, banaka oraindik. Uztailaren erdi aldetik aurrera saldoka (eta saltoka) igoko dira. Izokinen erakusketa gela bat dago parkean. Alde handia dago txinok izeneko handietatik txikietara. Aldapara handiaren albotik eskailera bat egin diete, errazago igo daitezen. Badakizue, arrautzak errutera bueltatzen dira jaio zireneko erreka burura.

  Coast mountain mendi kateak inguratzen du Vancouver aldea iparretik eta ekialdetik. Ikuspegi ederrean egin dugu ibilalditxo bat gaur. Simon Fraser unibertsitatea menditxo baten gainean dago. Handik ederto ikusten dira egunero jirabueltan gabiltzaneko txoko eta bideak. Seymour mendiaz haratago ageri dira eskiatzeko pistak daudeneko zutabe eta garbiuneak. Azpian, itsasadarra hainbat besotan zatitzen da, txokorik txoko mendien azpian. Hegoaldean, Surrey izeneko herria eta Estatu Batuetako lurraldeak urrunago. Lehen ere esan dugu ekialdeko etorkin asko dagoela hemen; batez ere Fraser ibaiaren deltan. Horregatik esaten dute hemen ibai hori dela Txina eta India banatzen dituen muga; izan ere, txinatarrez betea dago uraren eskuin aldea, Richmond deitua ( Richkong ere deitzen diote, txinatarrak baita gaur egun gehiengoa) eta hinduak dira nagusi ezkerraldean.

  Bihar barru aldera goaz pare bat egunerako hemengo euskaldun eta erdaldun batzuekin. Izango al dut kontu interesgarriren bat ekartzeko aukerarik.

New Westminster, 2008-06-26
 
 
 
 

                        New Westminster, 2008-06-26