Munduko Goitibehera Txapelketa irabazi dute lau elgoibartarrek

elgoibarren.net 2008ko uzt. 3a, 13:08

 
San Ferminen atarian, jaiak girotzen joateko, ‘Munduko Goitibehera Txapelketa’ antolatzen du urtero Iruñeako Peñen Federazioak. Lau elgoibartarrek (Juan Carlos Mancisidor, Agustin Zubiaurre, Joseba Iriondo eta Iban Segurola) eta beste bi zumaiarrek osatutako Aterpe2 taldeak errodamenduen kategoriako proba irabazi zuten.


Sei taldek parte hartu zuten errodamenduen kategorian. Maila horretan parte hartzeko goitibeheraren erruberak burdinazkoak izan behar dira. Elgoibartarrok ezagutzen zuten proba hori, orain dela hiru urte ere parte hartu baitzuten. “Orduko hartan talde askok parte hartu zuten eta ezin izan genuen lehen postua lortu. Oraingoan bai” azaldu du Juan Carlos Mancisidorrek. Santo Domingoko alpapa ospetsuan behera jaitsi behar izan zuten goitibeherek, zezenek egin ohi duten alderantzizko noranzkoan. Minutu bat eta bederatzi segundu behar izan zituzten 530 metroko aldapa jaisteko. 
Iruñeako Peñen Federaziokoek txapelketari jarri dioten bilbotar kutsuko izenaz galdetuta, “katxondeoz egiten dutela” dio Juan Carlosek, berez, Espainiako taldeek bakarrik parte hartzen baitute. Katxondeoa gorabehera, gutxi dira munduko txapeldunak direla esan dezaketen elgoibartarrak.
Hurrengo erronka San Bartolome jaietan antolatzen den goitibehera jaitsiera arrakastatsua irabaztea izango da, urtero parte hartzeko ohitura baitaukate dauzkaten bi goitibeherekin (ikus argazkia).