Merrit (1)

Angel Ugarteburu 2008ko uzt. 3a, 14:52

Urtero egiten dute barru aldera txangoa inguruko euskaldunek. Merritt izeneko herri bat da helmuga. Hantxe alokatzen dute etxe bat eta bertan pasatu asteburua. Bakoitzak eramaten du zerbait, aurrez berba eginda, noski, eta bertan egiten dira sukaldaritza lanak eta gainontzekoak, erromeria barne. Nabilen, baina, astiro, atalez atal.


 Ostiral goizean, 10ak aldera abiatu gara Vancouver aldekoak eta bidean geratu mokadu bat egiteko. Hope izeneko herritik urrunera barik egin dugu atsedenaldia. Hope herri horretan, horra arte iparraldetik hegoaldera zetorren Fraser ibai handiak itsasorako norantza hartzen du, mendebaldera. Hope hitzak itxaropena esan nahi du eta akaso horixe sentituko zuten Simon Fraser eta haren lagunek, ibaian behera Pazifikoaren bila zetozenek.

  Ibai nagusiaren iparralderako norantza laga eta ekialdera jo dugu. Bidean  enborrez zamaturiko kamioi asko ikusi dugu. Zuzenak eta ederrak dira enborrok, Jack pine edo lodge pole fir izenez dira ezagun. Eraikuntzarako aproposak dira, zuzen-zuzenak dira eta. Baina bada aitzakia bat. Azken 15 urteotan zomorro batek kalte handiak eragin ditu eta hori gorriska ikusten dira lehen berde ziren baso sail izugarriak. Fumigatzeko plana izan omen zen, baina ekologistek galerazi. Ez da harritzekoa, Kanadako basoetan diren beste bizidun kontuan izanda. Pare bat astean zero azpitik 30 gradutako tenperaturak baino ezin ditu berez akabatu zomorrook.

  Herri zabala da Merritt baina 6 edo 7 mila pertsonatik gora ez da biziko hemen. Basamortu antzeko mikroklima sortzen da mendi tartean, Coast mountain eta Rocky mountain direlakoen artean dagoen gune honetan, itsasoaren mailatik seiehun bat metrotara. Urrutira gabe dago Washington estatuaren muga, baina berria da mugen kontu hori.

  Herritik 3 bat kilometrora, Nicola izeneko gunean,mugarik ez zenean sortutako herritxoan dago alokatu dugun etxea, far westeko pelikuletan ikusten direnen antzekoa. Alokatu dugun etxearen atarian “Court House” irakur daiteke. Sherif-aren etxea, bere kartzela eta guzti. Eliza txiki bat ere hantxe da XIX.mendearen hasieran edo eraikia eta kanposantua inguruan; Apaiza 78 urtez bizi izan zen, baina gainontzeko gehienek ez dute 50 urte inguruko muga gainditu. Ume zirelarik hilak ere asko. Bizimodu gogorraren seinale dira hilarriak. Tomas eta nik gure emazteokin lo egin dugun etxea ere berezia da: “Harness makers house” jartzen du, hau da, zaldien aparejoak egiten zituenaren etxea.

  Jatorduetara, solasera eta jokoan egitera Court House delakoan biltzen gara. Esana dut, turismoaren erakargarri erabilten dute gune hau eta, harrigarria (!?), korear baten esku dago gaur egun.

Inaki Basabe, Edurne Arkotxa (lehengusina), Rosi, Elena San Emeterio, Jon eta gu biok. Baziren horrelako lauzpabost mahaikada.

Besteak atseden hartzen geratu diren artean aldameneko laku handira eraman gaitu Tomasek. Nicola da laku horren izena ere eta ba omen ditu 40 bat km. Bestela, basamortuaren itxura du paisaiak. Lakuaren beste aldean da Douglas ranch delakoa. Zabalera handiko lurraldea.Bero egiten du gaur, baina dry da hemengo beroa eta hotza ere halakoa omen.

  Nor gara, baina, bildu garenok. Bada  esateko ordua, ezta? Lekeitioko Txomin eta haren emazte Piedad, Amorotoko Pedro, Ondarruko Jose Ramon eta haren emazte Edurne Arkotxa (gure lehengusina), Bilboko Teo eta haren emaztea, Angelica; anaia eta ni, geure emazte Jeanne eta Kontxirekin. Antolatzaile nagusia donostiar bat da orain: Elena San Emeterio. Hark ere ekarri ditu senitarteko batzuk. Hormaetxea abizeneko filipinarrak ere badira tartean, harako Iparragirreren “eman eta zabal zazu munduan frutua” on eginez. Horrela, 14 edo iritsi gara Vancouver aldetik.

 Gu heldu garenerako han zen Estatu Batuetako mugako herri batetik heldua den Pierre Iriart-borda, haren emaztearekin eta baita bertan Merritten bizi diren Jon eta Pedro ere. Aurkezpenak egin ditugu. Pierre handia, Californian lanean ibilia duzu eta orain Canadako mugan bizi da. Nafarroa Behereko Donamartirin sortua da. Jon Maritorena eta Pedro Etxart egur lanetara aspaldi etorriak dira, biak baztandarrak eta jada jubilatuak. Orain iloba Frank-en esku dago haiek abiatutako egurraren negozioa.

  Bada Pedro Etxart horrek esan zidan kontu jakingarria: Urdaxen, Axular baserrian 14 urtez bizi izana dela gazte zenean. Jon Maritorena, ostera, Elizondotarra da eta Pedroren senide. Anaia bat istripu larriz hil zen zerrategian. Haren ama Amaiurkoa omen eta Aita Donostiarekin harremanetan izana, Baztango doinuen aitzakian.

  Beste batzuk ere agertu dira, poliki-poliki, eta afaritan bagera 30 baino gehiago. Court House barruan egin dugu afari hori, akaso duela ehun eta berrogeitamar urte cowboy ausartegiren bat epaitu zuten aretoan bertan. Kanpoan izan da gero kantuak eta kontuak egiteko parada. Asko berotu du eguraldiak eta gonbitatu gabeko batzuk ere azaldu dira, milaka eltxo, Espraiak gorabera, beti aurkitzen dute nor eta non ziztatu. Juan Martinekin gogoratu eta bat-batean iragarri dugu igarkizuna – Ez dakizuela zein zomorrok jartzen dituen arraultzarik handienak!  (?) Ezetz dio Pierrek ere. – Hoa sasi ostera eta jaitsi itzak prakak. Agitz ondo eta azkar ikasiko duk.
...
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
– Ez dakizuela zein zomorrok jartzen dituen arraultzarik handienak!  (?) Ezetz dio Pierrek ere. – Hoa sasi ostera eta jaitsi itzak prakak. Agitz ondo eta azkar ikasiko duk.