Harrigarria da, baina istituzioetatik eginahalak egin dira harrobiak bere lanari jarrai ziezaion. Ez kultura sailak, ez ingurugiroarenak, ez Debako Udalak lortu dute (nahi ere ez) ustiapena geratzerik. Mutrikuko Natur Taldearena izan da azkenean balentria. Hona hemen gai honetan konpetentziak dituzten istituzioen zerrenda:
Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Saila (Uren Zuzendaritza)
Eusko Jaurlaritzako Industria Saila (Meategien zuzendaritza)
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila (Kultur Ondarearen Saila)
Ingurugiro Ministerioa (Direccion de Costas)
(Espainiako) Gobernuaren Delegazioa
Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Saila
Debako Udala
Azkenean Madrileko ministeriotik etorri da konponbidea. Ley de Costas delakoak, itsas mareak heltzen diren lekuetan, 100 metroko babesa ezarri eta era horretako ustiapenak galerazten ditu. Beraz, Praileaitzen 2002. urtetik ari dira legez kanpo lanean.
Borondatea izanez gero, ez da legerik behar izaten. Kasu honetan bailarako herritar talde batek baino ez du erakutsi borondatea. Danbatekoak, hitz txarrak, politiko gor eta ustelak, funtzionario ezjakin eta alferrak, zer ez dute gainditu behar izan! Espero dagigun beranduegi ez izatea, kobazuloan pitzadura zenbait azaldu dira eta. Lortutakoa handia da, garaiotan nekez irabazten zaio hormigoiaren kofradiari, baina asko dago egiteko. Orain babes eremutik kanpo dagoen guztia xehetu nahi dute eta ondo ondoan dago Hospitale baserria, monumentu gisa izendatua dagoena eta erdi aroan erromesak sendatzeko erietxea izandakoa.
Hona hemen inguruan aztarna arkeologikoak dituzten haitzuloen mapa:
Bailara honek ez omen dauka munduan parerik. Dena dago industeko eta ikertzeko, ez dakigu haitzulook zer ezkutatzen diguten baina bai badakigu inguruotan harrobi berri baterako mendi aproposaren bila dabiltzala. Mutrikuko portua erdi egina, bertarako errepide berriaren lanak hastear, kare harria behar dute erruz, hormigoia, Pasaiako portu berriko zimenduen lanak bertatik hornitzeko.
Goiko mapak erakusten duen panorama ikusita, tristea da gero, kareharria besterik ez erdiestea. Askoz gutxiagorekin egiten dituzte batzuk Dinosauro parke, interpretazio zentru, ikerketa gune eta abarrak.
Zertan ibili Gugenheim-ak asmatzen, errepikatzen eta ordaintzen. Bat eta nahikoa. Gugenheimarenak baino pareta okerrago eta ilunagoetan daukagu guk ezkutatua arterik arteena.