Merritt (2)

Angel Ugarteburu 2008ko uzt. 4a, 12:36

Bilera hauetako helburua euskal giroan ondo pasatzea da, baina baita, bide batez, mus txapelketa egitea ere. Bost bikote osatu dituzte, udazkenean Bartzelonan izango den euskal etxeen txapelketarako nor saikatu. Diasporako euskaldunak elkartzea du helburu ekimenak. Argentinan, Uruguay, Venezuelan, Australian, Nafarroan, Euskadin, Baionan, Catalunian… leku askotan izaten dira txandaka urtez urte.

 

Sherifak zaldia hartzen zueneko atean Teo eta Tomas, txapeldunak.

Larunbat iluntzean egin dugu irabazleei txapelak ezartzeko zeremonia. Teo eta Tomas, nire anaia, izan dira irabazle; Txomin eta Pedro, bigarren.
  Elenarekin hizketan jardun dut. Kanadan bizi diren euskaldunak gutxi dira eta espainiarrekin batera elkartzen dira oraingoz, ekintzak urri, gutxi izateaz gain, gehienek erretreta hartua dutelako. Gazteak falta. Orain, New Westminter-en dagoen Spanih center hori saldu edo alokatzeko asmotan dabiltza, gero zerbait txikiagoa baina leku aproposagoan jartzekotan. Jendearen sartu-irteneko gune bat edo. Elgoibarren Toletxe zela eta, erabili genituenak ekarri dizkit gogora. Idaho eta Nevadan, ostera, asko eta asko dira euskaldunak eta haien ekimenak. N.A.B.O. (North American Basque Organization) erakundeak ematen die haizea eta babesa. Haiengana hurbiltzen dira eta hala iraun, egin ahal duten apurrean. Renoko unibertsitateko zenbait euskaldun eta euskalzaleen laguntzarik ere ez zaie falta: Jon Zulaika, W. Douglas eta beste izen batzuk bota ditu.

Aurreko urtean Beltran etorri zen haren taldearekin eta aurten iparraldeko emakume kantari bat ekartzeko dira. Ez naiz izenaz oroitzen. Egiten den apur horrekin Euskal Herria badela erakutsi nahi dute eta horretaz harro egon eta gazte apurrak ere hala. Sare txikia izan arren, haren dardara urrutira hel daiteke.
Zirti-zartakoa iruditu zait Elena hori.

    Erromeriak aurrera darrai. Kamloops-en bizi da Frank Etxart, Pedro Etxart-en eta Jon Maritorenaren iloba, baina Merritt-en dauka enpresa. Dantzarinean sortua, Frantzian ikasia da eta, gero, Lekarotzen meatzetako ingeniaritza ikasia da. Bulegoetako lana baino nahiago izan du eskuak zikintzeko eginkizunetan jardun. Meatzaritzan ere aberatsa da Kanada: ikatza, kobrea… urrutira gabe dira Lake Logan-eko kobre meatz aberatsak. Horretan jardun zuen aldi batez, Bilboko Inaki Basabe lankide zuela. Tipo argia eta berezia hau ere.

    Frank-en koinatua ere agertu da goiz erdi aldera, haren emazte estoniarrarekin. Soziolinguistikan aditua eta hizkuntzak irakasten munduan zehar ibilia da Tiiu Harkies. Jubilatu berria, estonierak euskararekin izan ditzakeen antzekotasunez aritu gara. Euskaraz ama dena estonieraz ema dela, adibidez. Soumi hizkuntzaren senide dela eurena eta ez duela Letonia eta Lituaniakoarekin zer ikusirik, hauek baltoeslabiarrak direla eta. Horrelako kontuak. Bilera multikulturala, duela 200 urte cow-boyak nagusi ziren parajean.

     Frank beraren kontuekin jarraituz, meatz kontuak laga eta etxekoen negozioari heldu dio Frank honek, buru-bihotz. Hainbat makinaria du enborrak moztu eta garraitzeko. Musikan ere aditua da eta haren kontu izan da ordenagailu eta guztiko ekipo estereoa muntatzea. Kantu eder batean pasatu dugu arrats-ilunabarra, gaueko hamabiak arte, dantzarik dantza, koipe soberakinak isuriz. Moskitoak ere joanak ziren ordurako, ondo beteta haiek ere.
 
Merritt, 2008-06-27,28 eta 29.