Abruzzo tabernan

Angel Ugarteburu 2008ko uzt. 7a, 11:34

Eta zer diozu egunotan jokatu berri den Europako futbol txapalketaz? Izan al du hor oihartzunik? Horrelako galderaren bat ere izan leiteke eta horrek beste kontu batzuk aipatzeko aukera ematen dit. Halakoxeak suertatu zaizkigu hasierako egunok eta ezin muzin egin ikusi eta entzun dugunari.


    Bada Vancouver-en Commercial izeneko auzo edo kale bat. Italiarrak izan dira han nagusi orain dela gutxi arte. Etxeen eraikuntza motak ere halako zerbait adierazten du. Denda eta taberna ugari da bertan. Hantxe dago Marino italiarrak maneiatzen duen Abruzzo izeneko elkartea (taberna eta bilera aretotxo bat barnean). Halakoxe zerbait nahi lukete hemengo euskaldunek ere: jendearen sartu-irten handiko leku bat. Gaur egun oso kosmopolita da auzo hori; italiarrez gain badira grekoak, errusiarrak, poloniarrak, hegoamerikarrak, hinduak, pakistandarrak, kroaziarrak eta abar. Ez dago denak aipatzerik. Ekialde urrunekorik (Japonia, Txina, korea) ez dugu hemen ikusi, Vancouver aldean asko diren arren.

    Hantxe ikusi ditugu txapelketako hainbat partida, telebistari baino gehiago ikusle eta solaskideen tankera eta hizkera ezberdinei so eta adi. Greko haren poza, Caristeas-ek gola sartu duenean! Edo irandarraren keinua, Turkiak partidari buelta eman dionean! Osasunan jokatzen duen Nekounan ezagutzen dugula esan diogu eta poz keinua egin du jokalari handia dela esan diogunean. Beste argentinar haren maisu-azalpenak, kroaziarren entrenatzailea bazterrean saltoka ikusi duenean: - Pero sos boludo! El coach ha de mantenerse frio sin desparramarse como un pibe!

    Taberna kolorez jazten da ordubete aurretik. Zerbait eskatu eta hartzen, harmonia onean.  Leku egokia hartzera etorriak dira aldez aurretik, batez ere jokatu behar duten nazio edo herrialdetakoak. Alemaniarrak ere beroak, gero, euren ekipoaren alde! Baina, batez ere, fair play da giroan nagusi. - We want to see a good game. Partidu ona ikusi nahi dutela, alegia. Atsedenaldian iruzkinak  ate ondoan eta jokoa amaitzean oihu alaiak eta etsipen aurpegiak. Irabazleei - congratulations! eta - see you in the next game. Neu ere saiatzen naiz neure ingeles kaxkarrean, baina hizketak abiada hartzen duenean, zera: - I’m afraid you have lost me. Galdu nauzu,txo; ez alferrik jarraitu.

 Gaur Espainiak Errusiaren kontra jokatzen du. Gurekin da gaztelaniazko eskolak ematen dituen txiletar anderea, Ester: - He leido en internet que los vascos prefieren que gane Rusia. Es dakit zer jakin nahi izan duen, baina bota du, behintzat. Guk irribarre eta erdiko bideari heldu – Solo queremos ver un buen game. Bukatu da gaurkoa. Auto ilada dator kaletik, irabazi duen taldearen bandera astinduz eta bozina hots batean. Atsegin dugu Abruzzo tabernan sortzen den giroa. Hurrengoan ere etorriko gara.
                                    2008ko ekaina
 
  ∞ Ikus hemen: Angel Ugartebururen testu guztiak