Oinez zihoan gizonezkoa, 40-50 urte inguruko oñatiarra, konorterik gabe geratu da zartakoaren ondorioz, kaskoarekin buruan jo baitu bizikleta gainekoak; eta anbulantzian eraman behar izan dute. Bizikleta gaineko gizonezkoa ere, Santa Ana kaleko bizilaguna bera, zauritua suertatu da. Besaurrean hartu du min.
Gertatutakoaz atsekabeturik eta oraindik sustoa gainetik kendu gabe, lanetik bueltan etxera zetorrela azaldu du bizikleta gaineko gizonak. “Sigmako zubitik nentorren, Antonio Arrillaga kalerantz. Zebra-bidearen parean ez dut kontenedore atzetik atera den gizona ikusi eta bete-betean jo dut”. Berriz antzerako ezbeharrik gerta ez dadin, inguru horretan jarri dituzten zabor-edukiontziek bista oztopatzen dutela-eta, arriskutsuak direla salatu nahi izan du: "oso gaizki daude horiek hor. Errotondatik zatozela edukiontzien altuerak ez du inor zebra-bidea pasatzen ari den ikusten lagatzen eta errotonda barrua ere ez da geratzeko lekurik aproposena".