Bi talde elgoibartarrek jokatuko dute Futbol txapelketako finala zapatuan

elgoibarren.net 2008ko uzt. 17a, 10:02

 
Iaz moduan, talde elgoibartar batek irabaziko du aurten ere Eskualdeko Futbol 7 Txapelketa, izan ere, finalera herriko bi talde ailegatu dira: LMRD1P eta Buztangorriak. Datorren zapatuan (uztailak 19) jokatuko da finala Mintxetan, 11:00etatik aurrera.

 
 
 
2007ko txapeldunak, Kashima Brewers taldeak ezingo du iazko garaipena errepikatu; finalerdietan, elgoibartarren arteko lehian, 2 eta 4 galdu zuten LMRD1P taldearen aurka. Izen bitxiko taldearen atzean 17-18 urteko elgoibartar gazte talde bat dago.
Beste finalerdian Buztangorriak elgoibartarrek Soraluzeko Soratinaikos taldea hartu zuten mendean, 2 eta 1eko emaitza estuarekin.

  Ekainaren 7an hasi zen txapelketan, eskualdeko 20 talde aritu dira, eta horietako hamar talde elgoibartarrak izan dira. Aurtengoa, Futbol 7 txapelketa antolatu den XI. Aldia izan da, eta txapeldunen artean ez daude talde elgoibartar gehiegi. Iaz eta aurten, baina, fin aritu dira herriko futbolariak.
Hona hemen zapatuan Mintxetan jokatuko diren partiduak:
  • 10:00etan:  Kashima Brewers - Soratinaikos (3.eta 4. posturako partidua)
  • 11:00etan: MLRD1P Buztangorriak (finala)

Lehen edizioko txapeldunak eta txapeldunordeak akorduan 

Lehen edizioko argazki historikoa, 1994koa. Xare (irabazleak) eta Oraiko taldeak elkarrekin.

  Futbol 7ko lehen edizioan, 1994an, Xare taldeak irabazi zuen txapelketa. Urte hartan Elgoibarko Udal Kirol Patronatua zen txapelketaren antolatzaile bakarra eta 44 taldek parte hartu zuten, gehienak elgoibartarrak. Hala ere, aurreneko bi edizioetako irabazlea Debako Xare taldea izan zen. Argazkian, Xareko jokalariekin batera, Oraiko (Alex Zalba, Gorka Sastre, Zigor Cornejo, Iñigo Palomino, Gorka Mugica, Roberto Alonso, Gorka Garate, Haritz Ibarluzea e.a) elgoibartar taldea ere azaltzen da, lehen edizioko txapeldunordeak. Finalean 1 eta 0 irabazi zuen Xarek.
 
  Lotura duten albisteak: