Uztailaren 15ean atera ziren Marimendiko kideak Loiuko aireportutik Moskurantz. Handik Mineralnye Vodira egin zuten, eta azkenik, Kabardino Balkariako Errepublika autonomora ailegatu ziren.
Euskal Herriko lagun eta familiartekoekin e-posta bidez komunikatzeko asmoa zeukaten, baina ezintasunaren aurrean, mugikorrez bidalitako mezuen bitartez eman dute espedizioaren berri, egunez egun.
- Lehen egunak ingurura eta altuerara girotzen eman zituzten. Hala, uztailaren 17an, Cheguet (3.461 m.) mendia igo eta gailurretik Elbrusen handitasuna parez pare lehen aldiz ikusteko aukera izan zuten.
- Hurrengo egunean, uztailaren 18an, girotzearekin jarraitu zuten Baksan-eko aranean.
- Elbrusen magalean dagoen Garabashi (3.750 m.) eski estazioko tontorra zapaldu zuten hilaren 19an, eta astelehen honetan Pastukov (4.650 m.) mendia igotzeko asmoa zeukaten.
- Gaur edo bihar, berriz, Elbrus igotzeko saiakera egiteko asmoa dute. Azken igoeran, 1.700 metroko maldari egin beharko diote aurre. Hotza izango da mendizaleen arerio eta beldur nagusia; hotz handia badago, 200 metroko pareta izoztu egiten da-eta. Orain dela bi urte Madalena Egunean (uztailak 22) ailegatu ziren Mont Blanceko tontorreraino lau bide ezberdinetatik abiatuta, eta aurten ere egun horretan ailegatzea gustatuko litzaieke.
∞ Lotura duten albisteak:
- Arrate Zubia: “Emakumeei animatzeko esaten diegu hitzaldietan” (2008-03-07 elgoiBARREN.net)
- Elbrus, Europako gailurrik altuena izango da Marimendi taldeko emakumeen erronka berria (2008-02-25 elgoiBARREN.net)