'Go!azen' pelikula musikalean koreografo eta aktore lanetan ari da Josu Mujika

elgoibarren.net 2008ko uzt. 22a, 12:58


Josu Mujika da Pausoka ekoizetxea ETB1entzat prestatzen ari den 'Go!azen' pelikula musikaleko koreografoa. Azpeitian, Esklabetako komentuan grabatzen ari dira datorren ikasturtean ETB-1en emango den lan hau. Filmean 100dik gora dantzarik hartzen dute parte eta koreografiak oso koloretsuak dira. Kastingean aktore-gai gazteen maila probatu eta aztertzeko ardura ere izan du dantzari eta koreografo elgoibartarrak. Eskola zaharreko fraile baten papera ere antzeztuko du.

 

Euskarazko hainbat euskal kanta ezagun

Sasoi onean daude filmako aktore gazteak.

 Apaiz batzuek zuzentzen duten diziplina zorrotzeko udaleku batean gertatzen da istorioa eta bertan dauden 16 bat urteko neska-mutilen abenturak biltzen ditu musika eta koreografiak oinarritzat hartuz.Pelikulan zehar eta traman integraturik, euskarazko hainbat euskal kanta ezagun kantatzen eta dantzatzen dituzte: "Lau Teilatu" eta "Aitormena", klasikoak eta arrakasta handiko beste kanta batzuk: Ken Zazpiren "Ilargia" edo The Uskis-en "Horrelako" eta baita pelikularako konposatu den kanta bat ere, "Go!azen" izenburupean. Kanta guzti-guztiak estilo berrietara egokituak izan dira, eta pelikulako protagonistek grabatu dituzte.
 
200 neska eta mutilek hartu zuten parte kastingean
 200 aktore-gairi egindako kasting gogor bat egin ondoren aukeratu dira pelikulako aktore protagonistak. Ainhoa Aierbe (Leonor "Goenkale"n) izan da aktoreen zuzendaria eta Josu Mujika koreografoa. Eurak izan dira aktore-gai gazteen maila probatu eta aztertu dituztenak. Hauek izan dira aukeratuak: Iñigo Azpitarte (Beñat), Barbara Rivas (Irati), Yerai Vazquez (Gorka), Yago Mateo (Landa), Inma Fernandez (Desirée), Aitor Saumell (Asier), Pedro Alfonso Vilas (Hector), Zulai Plazaola (Leire), Jon Urbieta (Baldar). Horrez gainera, eskarmentu handia ere baduten bi aktore topatuko ditu, Ramon Agirre (zuzendaria) eta Mikel Losada (Julen). Filmea Jabi Elortegik zuzentzen du, Josu Mujika dute koreografo eta Fernando Velazquez berriz da Go!Azeneko ekoizle musikala.