Turkiako eta Irlandako dantza erakustaldiak izango dira Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdiko gonbidatuak. Turkiako Gehem eta Irlandako Abssolutely Legless konpainiek egingo dute erakustaldia, Haritz Euskal Dantzari Taldearekin batera, 22:30etatik aurrera.
• Turkiako jantzi eta dantzak
Gehem ikasle taldea 1965. urtean sortu zuten, eta 16 urtetik 25 urte bitarteko sei musikarik eta 32 dantzarik osatzen dute. Euren errepertorioan Turkiako hainbat eskualdetako jantzi eta dantzak erakutsi ohi dituzte. Dantzarik erakargarrienetako bat biretan oinarritutako dervishes izenekoa da. Hainbat jaialditan parte hartu dute dagoeneko: Kanadan, Txinan, Taiwanen eta Europan.
• Ospea mundu guztian zehar
Absolutely Legless Irlandako dantza taldeak ospea lortu du nazioartean, bereziki emanaldi berritzaile eta erakagarriei esker. Oin-joko gogor eta leunaren tradizioetan inspiratuta, dantza originalak eta bizkorrak egiten dituzte. Txirulak eta gitarra erabiltzen dute, nahiz eta ukitu tradizionaleko moldaketa berriak ere sartzen dituzten.
• Nafarroa Garaiko eta Behereko dantzak
Bestalde, Haritz Euskal Dantzari Taldeak, Nafarroa Garaiko eta Behereko dantzak eskainiko ditu aurten. Lehenengo zatian, Auritzeko Ingurutxoa ikusi ahal izango da, inguru hartako hainbestetako bat, izena koreografia biribilagatik hartzen duena. Pañolo- dantza, Andredantzak, Jota, Ingurudantza eta Ezkila-fraile zatiek osatzen dute Ingurutxoa. Bigarren zatian, berriz, Nafarroa Behereko Inauteria eskainiko du. Bere jatorrian Pazko-domekan antzezten zuten. Hainbat dantza motek osatzen dute, hala nola, Martxa, Ahuntza eta Segidak, 1. 2. kontradantza, Sorginak, Euskaldunak, Kadrille eta Dantza Luze... Haritzek, dantza horiek Donostiako Argia, Portugaleteko Elai-Alai eta Galdakaoko Andra Mari taldeen lagunaza estimagarriarekin ikasi zituen.
∞ Lotura duten albisteak:
- Txina eta Peruko taldeak, Nazioarteko Folklore Jaialdian (2007-07-20 elgoiBARREN.net)