Kartografiaren merchandisinga

Mikel Olaizola 2008ko ira. 15a, 23:43

Gaur geografiako klasean mapa mundien inguruan jardun dugu berbetan. Guretzat guztiz  arrunta da Europa lurraren erdigunean agertzea, baina badakigu jakin herrialde denetan ez dutela mundua berdin ikusten. Amerikarren mapak  gogoratu ditugu, eta neurekiko pentsatu dut zeinen egozentrikoak diren yankeeak.

 

 Baina buruari pare bat buelta gehiago eman ordurako konturatu naiz herrialde gehienen joera dela beraiek erdian kokatzearena, eta gu ere ez garela gutxiago. Noski, ez naiz euskaldunoi buruz ari, estatuen mugek banatutako mapa horietan agertu ere ez baikara egiten, oraindik behintzat. Europaren baitan ordea, beti gabiltza erdian, goi aldean; lehen bistaldian ikusi gaitzaten edo. Izan ere, behealdeko ertz batean egoteko zorte txarra tokatu zaien lurraldeei ez die inork begiratzen. Txile bezalako herrialdeak, ezkerreko ertzean horren luze eta estu, bakardadera kondenatu ditugu.

 Horregatik diseinatu zuten seguraski mapa alderantzizkatu bat, hegoaldea goian kokatua duena. Kartografian ere merchandising-ak garrantzia duelako, uste baino handiagoa seguraski. Produktua saltzeko eroslearen muturren aurrean jarri behar duzu, ondo zentratua. Munduaren ikuspegia mapen bidez jasotzen baitugu. Edo alderantziz zen? Agian munduaren ikuspegiaren arabera diseinatzen ditugu mapak?

 Harritzen nauena da oraindik inork diseinatu ez izana mendebaldeko estatuak erdi-erdian kokatu dituen maparik; gainontzeko kontinente eta itsasoak zati txikitan moztu eta goi eta behe ertzetan banatuta utziz. Azken finean, bost axola zaigu zer gertatzen den Gibraltardik eta Miamitik behera. Mundua laua da, eta Ural mendietan bukatuko da urrunenez ere.  Argi ikusi dugu azken egunotako albistegietan hori: urakanak Haiti bezalako herrialde behartsuetatik pasatzeak albistegi erdian hogei segundoko tartea balio du. Ekaitza USA guztiz boteredunera heldu orduko, ordea, titular zaparradak izango ditugu kate denetan.

 Baina, afaltzen segiko dugu lasai, gure neurrian badugu eta geuk ere hainbat arazo. Krisiarekin bonbardeatzen gaituzte orain, gaur goizeko kontua balitz bezala, eta ez gara ohartzen gauzak aspaldi hasi zirela okertzen. Marialuisa Galardi hil zitzaigun lehenengo, Athletic-ek publizitatea jarri zuen gero eta oraintsu Anbolok  ere agur esan digu. Euskal gizartearen oinarriak balantzaka daude. Zer izango da hurrengoa? Goenkaleren azken kapitulua? Athletic bigarren mailara jaistea? Edo Txirri, Mirri eta Txiribitonen jubilazioa?

 Apokalipsia hurbiltzen ari da, eta ez dugu errezatzea beste zer eginik. Eskerrak gure parteak amamak bete dituen, 42. urtez jarraian Arantzazuko bederatziurrena eginda. Zerua irabaziko genuen honezkero!