Aurre-estreinaldia Donostiako Zinemaldian
Eguenean (irailak 18) hasiko den Donostiako Nazioarteko Zinemaldian emango dute estreinakoz laburmetraia Donostiako Principe aretoan, baina Aitorrek azaldu duen moduan, gonbidapen bidez bakarrik joan daiteke ikustera, eta kasu honetan laburmetraia egiten parte hartu dutenak eta Zinemaldietan ibiltzen den jende aditua bakarrik dago gonbidatua. Gisasolak azken unean izan zuen honen berri eta penatuta dago, lagun eta familiakoek ezin izango baitute bere lana ikusi, “gonbidapen bakarra daukat emateko”. Laburmetraia Elgoibarren ematea gustatuko litzaioke eta bere esku dagoen guztia egiteko prest dago.
Zahartzaroa ardatz duen drama
Drama familiarra eraman du pantaila handira David Gonzalez Rudiez zuzendariak (Produkzioa, muntaia eta istorioa idazteaz ere bera arduratu da). Erori, mokorrean min hartu eta semearen etxera joan beharrean aurkitzen den adineko aitona (Jose Ramon Argoitia) baten istorioa kontatzen du “El Tiempo prestado" film laburrak. Marta, aitonaren iloba oporretan dago oraindik eta Aitor Gisasolak Martaren anaiaren papera antzezten du, 16 minutuko laburmetraian. Argumentuaz ahalik eta datu gutxien ematea hobe dela uste du Gisasolak.
Euskal zinegintzako aktore ezagunak lantaldean
Grabaketa lanak 2007an egin zituzten Donostiako Tabakalera eraikinean. 35 milimetroko formatuan grabatu zuten laburmetraia, aitonaren errealitate grisa hobeto islatzen duelako. Argazki zuzendaria Javier Agirre Erauso ezaguna izan da, eta antzezle lanetan ere, euskal zinegintzako aktore ezagunak aritu dira: Jose Ramon Argoitia, Felix Arkarazo eta Miriam Martin.
Erronka eta proiektu berriak
Aitor Gisasola Keler zerbezaren iragarkian ikusi genuen telebistan (ikus hemen: Aitor Gisasolaren lehen pausuak publizitate munduan). Aurrerantzean Taupada Antzerki taldean jarraituko du, eta antzerki musikalen munduan barneratzea gustatuko litzaiokeela esan digu. Laster, hil eta gero zer ote dagoen azaltzen ahaleginduko diren laburmetrai batean hartuko du parte K6 Gestion Cultural enpresa donostiarrarekin, eta museoetan ikusi ahal izango da lan hori.